Asier AIESTARAN

Aukera ona Milanen goiko postuetan finkatzeko

Italiarrek azken lau partidak galdu dituzte eta azken postura jaitsi dira. AndrewGoudelock itzuliko da gaur eta Granger baja izango da gasteiztarren artean.

Baskoniak aukera aparta du gaur, Euroligako 13. jardunaldian, azken asteetan erakusten ari den behetik gorako joera horri jarraipena eman eta ligaxkako goiko postuetan finkatzeko. Talde gasteiztarrak bederatzigarren postuan ekin zion jardunaldiari sei garaipenekin, Real Madril eta Bamberg-ekin berdinduta, eta gaur Milani egingo dio bisita, azken sailkatuari hain zuzen ere, 20.45ean hasiko den neurketan.

Italiarrak ez daude denboraldiko une onenean, azken lau partidak galdu ostean. Hala ere, ezin da ahaztu Simone Pianigiani entrenatzaile duen taldeak hiru garaipen badituela poltsikoan eta ez dagoela aurrekoengandik horren urrun. Eta beste datu bat: Baskoniak ez du lortu Mediolanum Forum pabiloian irabaztea azken lau denboraldietan –nahiz eta balantze orokorra aldekoa izan (5-7)–.

Normala den moduan, Pedro Martinezek arrisku horietaz ohartarazi zuen bezperako bere adierazpenetan, bere jokalariak erlaxatu ez daitezen. «Ez dira atzean geratu, beste talde batzuekin berdinduta daude. Eta kontuan izan behar da Olympiacosen aurka puntu bakarragatik galdu zutela, eta Khimkiren kontra bost puntuko aldeagatik. Horrek erakusten du lehiakorrak direla», aztertu zuen kataluniarrak.

«Partida zaila izango da, oso fisikoa, puntuak sartzeko erraztasun handia duen talde baten aurka», gaineratu zuen.

Goudelock bueltan

Zentzu horretan eta izen propioei begira jarrita, Milanentzat albiste onena Andrew Goudelock-en itzulera da, taldeko saskiratzaile nagusia 13 puntutik gorako batez bestekoarekin. Patrick Young, aldiz, baja izango da. Gasteiztarren artean, Jayson Granger da min hartuta dagoena, ezker orkatilan dituen arazoen erruz. Aukera ona izan daiteke, beraz, Lucas Vildozak urrats bat egin dezan.

Martinezek onartu zuenez, taldearen entrenamenduak «okerragoak» izan dira azkenaldian pilatu diren baja guztien ondorioz –Malmanis, Diop, Garino eta McRae min hartuta daude oraindik–, eta horrek «arduratuta» dauka. Alde onari ere begiratu nahi izan zion, ordea: «Beste jokalari batzuek aurrera pauso bat eman behar izan dute, eta horrek taldearen exijentzia maila igo egiten du».

Eta igoera hori norbaitek erakutsi badu, hori Vincent Poirier pibot frantsesa da, azken partidetan ikusgarri dabilena. «Mundu guztia jokalari bati buruz hitz egiten hasten denean gerta daiteke jokalari hori erlaxatzea eta hobetzeko ezer ez duela pentsatzea. Ez dut uste gertatuko denik, baina bai aurkariek bere jokoa gehiago aztertuko dutela aurrerantzean, eta horri aurre egiteko prestatu egin beharko du», hausnartu zuen tentuz Baskoniako entrenatzaileak.

Hain zuzen ere, Poirier eta Voigtmann gakoak izan daitezke saskitik hurbil Gudaitis lituaniarrari min egiteko.