
Gipuzkoako Aldundian aurkeztu dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 17. edizioaren aurkezpena. Proba maiatzaren 27an egingo da, eta puntuagarria izango da bai Migu Run Skyrunner World Series 2018 txapelketarako (International Skyrunning Federation erakundeak antolatutako mendiko lasterketen munduko txapelketa), bai Skyrunner National Series 2018 txapelketarako (FEDMErekin batera antolatzen diren Estatu espainiarra, Andorra eta Portugalgo mendiko lasterketen txapelketa), bai Salomon Golden Series zirkuiturako (mundu osoan zehar egiten diren 5 lasterketa).
Heldu den astelehenean, urtarrilaren 15ean, irekiko da izena emateko epea eta otsailaren 2an amaituko da. Dortsalen zozketa otsailaren 23an egingo dute.
Antolatzaileek 150 dortsal gordeko dituzte lasterketari dagozkion konpromisoei erantzuteko, eta beste 125 aurreko edizioetan parte hartu duten eta hamazazpigarren edizio honetan ere parte hartu nahi duten guztiek parte hartu ahal izateko, baita aurreko bi edizioetan denborarik onenak egin zituzten atleten parte hartzea bermatzeko ere. Gainerako 225 plazak, 500 parte-hartzailetara iritsi arte, izena ematen dutenen artean zozketatuko dira.
Izena www.kirolprobak.com webgunean eman behar da.
Aratz mendigunean eta Aizkorri mendilerroan zehar egiten den ibilbideak EAEko gailurrik garaienetako lau [Aratz – Aizkorri – Aketegi eta Aitxuri] zeharkatzen ditu. Zegamatik (296 m.) abiatu eta Otzaurte gainera (652 m.) jotzen da, eta mendate horretatik gora mendi bide eta bidexketatik igarotzen da ibilbidea, zuhaiztietan (batez ere hariztietan), harkaitz biziko eremu malkartsuetan eta goi-mendietako larretan barrena. Lasterketa Gipuzkoako lurraldean egiten den probarik gogorrena da, irteeratik helmugara 42 kilometro baitaude, eta +5.472 metroko desnibela.
Kilometro bertikala
Aurten, Amezi Mendi Elkarteko Ainhoa Txurrukak azaldu duenez, kilometro bertikala bigarren urtez jarraian sartuko da Munduko Kopan. «Albiste ona da benetan, gure asmoa baita proba hobetzen joatea eta probak bilakaera bat izatea, eta honek egonkortasuna eta, aldi berean, izen ona ematen dizkio», esan du.
Kilometro bertikala proba puntuagarria da Skyrunner National Series txapelketarako eta Euskadiko Koparako. Guztira 3 kilometro dira, eta desnibela 1.015 metrokoa. Guztira 200 parte-hartzaile izango dira, eta maiatzaren 25ean egingo da Zegaman.
Horrez gain, igandean, maiatzak 27, VII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere egingo da 16 urtetik 18 urtera bitartekoentzat, 10,4 kilometroko ibilbidea izango du, eta 505 metroko desnibela. Antolatzaileak pozik agertu dira urtetik urtera gora egiten duelako parte-hartzaileen kopuruak.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
