NAIZ
DONOSTIA

Armagabetzeari eta ziklo berriari buruzko saioa egingo du etzi Foro Sozialak Donostian

Zikloari eta funtzioari buruz ETA egiten ari den barne eztabaidaren harira, Foro Sozial Iraunkorrak «desmobilizazioari» buruzko saioa egingo du etzi Donostian, prozesu hori DDR Nazio Batuen Erakundeko estandar integratuaren –armagabetzea, desmobilizazioa eta gizarteratzea, ingelesezko sigletan– parametroetan kokatzearen «bideragarritasuna» aztertzeko.

Bakea eta Duintasuna elkartearekin lankidetzan, ‘DDRa euskal kasuan: bideragarritasuna eta aukera’ izeneko saioa antolatu du Foro Sozial Iraunkorrak asteazken honetarako.

Hitzordua arratsaldeko 16.30ean hasiko da, Donostiako Carlos Santamaria Zentroaren Antonio Beristain auditorioan, eta «Kolonbia, Filipinak, Ipar Irlanda eta Kongoko Errepublika Demokratikoko bake prozesuetako ikasketak hurbiltzeko asmoa izango du».

Lehen mahai-ingurua 16.30etik 18.00etara egingo da, ‘DDRa gatazken konponketarako tresna gisa’ izenburupean. Gatazken kudeaketan aditua eta Ipar Irlandako Armagabetze Batzordeko presidentea izandakoa, Aaro Suonio, eta Kolonbiako Armadako ontzi-kapitain erretiratua eta FARCekin egindako bake prozesuan su etena eta aldebiko borrokaren uzte definitiborako ereduaren diseinu eta inplementazioan parte hartu zuen Omar Cortes izango dira hizlariak.

18.15ean hasiko den bigarren txandaren izenburua ‘Bizitza zibilera birgizarteratzea: zailtasunak eta esperientziak’ izango da. Jesus Florez teologo eta antropologian doktorea, Justine Masika Kongoko ekintzailea eta Conciliation Resources-eko Bakerako Trantsizioak programaren zuzendaria, Kristian Herbolzheimer, izango dira parte-hartzaileak.

Azkenik, 20.15ean, Berlineko Berghof Fundazioko programen zuzendariak, Veronique Dudouetek, aurkeztuko ditu ondorioak.