
Lakuako gobernuak, Zineuskadirekin lankidetzan, Zinegabonak zinema zikloa prestatu du. Egitarau horretan, abenduaren 26a eta urtarrilaren 4a bitartean, haurrentzako hamaika film eskainiko dituzte euskaraz.
Euskal Herri mailako ekimena da eta zazpi aretotara iritsiko da. Zehazki, Multibox aretoetan eskainiko dituzte filmak: Bilboko EiTB, Donostiako Principe, Errenteriako Niessen, Amorebieta-Etxanoko zinema, Baiona eta Iruñeko Golem eta Urruñako Itsas-Mendi aretoetan. Gainera, Zinegabonak-en barruan, Barakaldoko BECen egiten den Gabonetako Haur Parkean beste bi film eskainiko dituzte.
Aurten ekimena indartu egin dute, aurreko urteetako arrakasta ikusirik. Antolatzaileek esan zutenez, honek esan nahi du familiek gero eta euskarazko zinema gehiago kontsumitzen dutela. Hala, Zinegabonak-en helburua da pixkanaka udalerri gehiagotara zabaltzea.
Egitaraua
Esan zutenez, Gabonak zinema familian gozatzeko garai ona da. Guztientzako aukerak egon daitezen, adin desberdinetara egokitutako programa osatu dute. Hauek izango dira ikusi ahal izango diren filmak: “Maya Erlea: ezti-jokoak” (Australia, 83’), “Harpetarra” (Britainia Handia, 90’), “Albert” (Danimarka, 80’), “Richard zikoina” (Alemania, 80’), “Sagu eta Pagu” (Turkia, 88’), “Igelen erresuma” (Txina, 86’), “Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa” (Italia, 120’), “Axel heroi txikia” (Txina, 80’), “Iparraldeko Norman” (AEB, 66’) eta “Olentzero eta Amilaren sekretua” (Euskal Herria, 70’).
BECen, berriz, Warner Bros ekoiztetxearen “Zikoinak” (urtarrilak 3) eta “Batman Lego” (urtarrilak 4) proiektatuko dituzte, eta sarrera doakoa izango da Gabonetako Haur Parkerako egun horretako sarrera erakutsiz gero.
Mota honetako ekimenei hauspoa eman nahi diete, eta horregatik urtean zehar ospatzen den Zinema Euskaraz zabaltzen ari dira. 2019ra begira ere joera hori izango du eta jada film batzuk iragarri dituzte, hala nola: “Asterix, edabe magikoaren sekretua”, “Dragoi Bola Boll”, “Pokemon: Detective Pikachu” , “Up and away” eta “Ernest & Celestine”.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Matan al exlíder nacionalista corso Alain Orsoni en el funeral de su madre

El PNV defiende a Imaz y el PP lo elogia tras doblegarse ante Trump y una pintada en Zumarraga

Guardia Zibilak Altsasuko gaztetxearen eta Udalaren aurka egin du, zazpi kontzertu aitzaki
