NAIZ

Basaurikoa (1976), euskal ihesaldien historia tragikoan ezezagunenetarikoa

Handiak (Ezkabakoa jakina) eta txikiak izan dira, aski ezagunak (Martutene, Segovia) eta ia oihartzunik utzi ez dutenak, Basauriko hau bezalaxe. Franco hil ondorengo pasarteak arreta bereganatu du orain, ETBko telesail baten eskutik.

‘Ihesaldia’ telesailaren iragarkia. (ETB)
‘Ihesaldia’ telesailaren iragarkia. (ETB)

‘Ihesaldia’ izenburupean, igandean hasi eta osteguna arte gauero-gauero Basauriko saiakera haren berri ematen ari da ETB-1eko telesaila. Eta Euskal Herrian zein kanpoan euskal presoek burututako ihesaldiak errepasatzeko aukera paregabea ematen du, zerrenda luzetxoa da-eta, eta uste baino ezezagunagoa.

Basauriko hau bera ilunpean izan da orain arte, ahazturak lurperaturik eta garai hartako gertaera garrantzitsu askoren artean izkutaturik. 1976ko abenduaren 9an, bost preso desagertu ziren kartzela barruan, baina ez zen uste zena gertatu: ez ziren kanpoan, erabiltzen ez zen dorre batean gordeta baizik, ihes egiteko tunela prestatzen.

Ia bi hilabete iraun zuen saiakerak, beren zoritxarrerako kamioi bat kartzelara sartu zen arte. Lurra hondoratu zuen bere pisuaren poderioz eta hor agertu zen begi bistan ia bukatuta zuten tunela. Gero aurkituko –eta atxilotuko– zituzten bostak.

Ezkabatik Baionara

Iñaki Egañak bere ‘Euskal Herriko hiztegi historiko-politikoa’n gogoratzen duenez, honelako ahalegin ugari izan da hamarkadak joan hamarkadak etorri. Guztien artean, Ezkabakoa dudarik gabe handiena eta aldi berean lazgarriena. Gerraren bigarren urtean oraindik (1938ko maiatza), gosez eta tuberkulosiak jota banan-banan hiltzen ari ziren 2.000 presoetatik 800 inguru Iruñea ondoko mendiaren behera lasterka hasi ziren, baina bakar batzuek baino ez zuten Ipar Euskal Herriko mugara heltzerik izan, eta 200 lagun inguru fusilatu zituzten, Ezkaban bertan edota ondoko herrietan. Sinestezina badirudi ere, mende erdiz ia ahaztua izan zen pasartea, baina orain sakonki ikertu eta urtero gogoratzen da.

Bai 1936ko gerran baita ondorengo II Mundu Gerran ere, ugari izan ziren kartzelatik ihes egiten ahalegindu ziren euskal presoak. Kepa Ordoki EAE-ANVko gudaria nabarmendu zen, Francoren espetxetik, Gurs-eko kontzentrazio eremutik eta gero nazien eskuetatik ere ospa egitea lortu zuen eta.

ETAren sorreraren ondoren, erakunde horrekin lotzen dira ihesaldi saiakera gehienak. Basauritik bertatik ihes egin zuten hamabost presok 1969. urtean. «Burgos auzikoek» ere ahalegina egin zuten, baina azkeneko horma ezin izan zuten gainditu. Eta Zamoran giltzapetutako euskal apaizek lur azpiko tunela egiteari ekingo zioten ere 1971. urtean, alferrik.

Egañak eginiko bildumari segituz, 1973an Loiolako koarteletik ospa egin zuen Agustin Asteasuinzarrak, 1974an Donostiako erietxetik Jon Urzelaik, 1975ean Bernardo Bidaolak... Ez zuten zorterik izan, ordea, A Coruñan, Martutenen edota Basaurin. Segoviakoa (1976) oso ezaguna bilakatu zen, bai ihes egindako presoen kopuruagatik (29, hain artean tiroz hildako Oriol Solé), bata horri buruz egin zen filmagatik ere. Zortzi hilabete eskas geroago helduko zen Basauriko bosten ahalegina.

Film batek Segoviakoa... eta kantu batek Martutenekoa. Oraindik ere Kortaturen ‘Sarri Sarri’k Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak 1985eko San Fermin egunean lortutakoa guztion gogora ekartzen du.

Euskal Memoriak argitaratu berri duen lanak 1986an Paueko kartzelan gertaturikoa errepasatzen du; bukaera latza izan zuen honek ere, Gabi Mouescarekin batera ihes egindako Maddi Hegui hortik gutxira hilko zen-eta, trenak harrapatuta.

Felix Lopez de Lacalle, Ismael Berasategi eta Ibon Fernandez Iradiren kasuek luzatu dute historia hau, jada XXI. mendean sartuta. Oraindik idazteko dagoen historia, alegia.