
Azken egunetan eLiburutegiko maileguen gorakada nabarmena izan dela ikusita, liburutegi digital horretarako sarbidea errazteko neurriak hartzea erabaki du Jaurlaritzak. Hala, liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa herritar guztien eskura jarri du, eLiburutegira hurbil daitezen.
Batetik, eLiburutegian sartzeko pasahitzik ez duten Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek (Udal liburutegiren bateko txartela dutenek, alegia) helbide horren bidez eskatu ahal izango dute; bestetik, Irakurketa Publikoko Sareko bazkide ez direnek aukera izango dute helbide horren bidez bazkide egiteko eta, ondorioz, eLiburutegian sartzeko.
Bide horretatik, eliburutegia.euskadi.eus helbidean sartuta, liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke.
Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Irakurketa Publikoko Sarea, EAEko liburutegi publiko guztiak bildu eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko asmoz. Sarearen oinarria udal-titulartasuneko liburutegiak dira, baina udalarenak ez diren beste liburutegi batzuek ere osatzen dute (Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma, Arabako Foru Aldundiaren mendeko liburutegiak...). Sareak 1.036.217 erabiltzaile ditu, eta funtsen artean (6.000.000 baino gehiago) 1.200.000 titulu inguru daude. 2019an, 2.744.200 mailegu baino gehiago egin ziren Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegien bidez, eta 120.000 liburutegi-arteko mailegu-bidalketa baino gehiago egin ziren (Irakurketa Sareari esker, liburutegi batek ez badu erabiltzaileek eskatutako tituluren bat, Sareko beste liburutegi bati eskatzen dio).
Bestalde, eLiburutegia Estatu espainoleko liburutegi digitalik handiena da, eta formatu ezberdinetan 20.000 liburu digital inguru eskaintzen ditu. 2014ko azaroan jarri zen martxan, eta urtez urte hazten jarraitzen du. 2019an 68.981 mailegu egin ziren eta une honetan 43.000 erabiltzaile ditu.
Herritar bakoitzak hilean lau liburu irakurtzeko eta astero bi film ikusteko aukera du eLiburutegian. Gailu elektronikoetan eduki digitalak nola deskargatu ere azaltzen da liburutegi digitalaren webgunean.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

