NAIZ

«Basque Wine», ardotegien aurtengo %40ko galerei aurre egiteko merkatu marka berria

Lakuako Gobernuak Arabar Errioxako upategien artean egindako inkesta baten arabera, %97k «galera ekonomiko handiak» espero dituzte.

Mahasti bat, Guardian. (Endika PORTILLO/FOKU)
Mahasti bat, Guardian. (Endika PORTILLO/FOKU)

Covid-19a dela eta upeltegiek aurten %40a eta %45aren arteko galerak izango dituztela aurreikusita, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko ardogintzaren sektoreak erkidegoko ardo guztiak sustatu eta merkatuan duten posizioa sendotzeko ekintzak aktibatuko dituzte, ‘Basque Wine’ erreferentziapean.

«Gure ardoek ‘Basque Wine’ bat merezi dute, gure ardo guztiak nazioartean Euskadirekin identifikatuta egoteko moduko aterki bat», azaldu du Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde, Bittor Orozekin batera, Arabako Errioxako mahastizaintza eta ardogintza sektoreko ordezkariekin egindako bileraren ostean.

Sailburuak zehaztu duenez, «sustapenaren aterki» berri hori ostalaritza sektorean eta banatzaile handiekin ere erabiliko da, euskal ardoak «behar bezala definituta egon daitezen» gune «berezituak» sortuz.

Horrela, denda eta tabernetan Arabako Errioxako ardoak eta hiru izendapenetako txakolinak (Araba, Bizkaia eta Getaria) nabarmenduko dira «Basque Wine» irudi berriaren azpian, kontsumitzaileek EAEn egindako edari horiek identifikatu ahal izan ditzaten.

Ekimen hau covid-19ak sektorean izan duen eraginaren aurrean hartutako erabakien parte da. Batzarrean Arabako Errioxa, ABRA, Araex, Dolare, Errioxa Taldea, Ardoaren Ibilbidea eta UAGA sindikatuko ordezkariak izan dira.

Egoera zaila

Ardogintzaren sektoreak «egoera zaila» bizi du, nazioarteko eskariek behera egin dutelako eta baita Horeca kanala (ostalaritza eta hotelak) ia bi hilabete eta erdiz erabat geldirik egon delako. Horren aurrean, sailburuak sektoreari jakinarazi dio lankidetza areagotu behar dela eta unean uneko beharrei laguntzeko sektore-neurriak egokitu behar direla.

Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren arabera, ARDOA-Basque Wine Officek egindako inkestan parte hartu duten Arabako upategien% 97k ziurtatu dute 2020an «galera ekonomiko handiak» espero dituztela, urte amaieran emaitzen kontuan batez beste %40 eta %45aren  arteko eragin negatiboarekin.

Maila ekonomikoan, salmenten murrizketa, %45 eta %50aren artekoa izango da. Inkestan parte hartu duten gehienen EAEko eta espainiar Estatuko merkatuetako salmentak %60-65 jaitsiko dira eta esportazioak %45 inguru murriztuko diren beldur dira. Horeca kanalean %55 eta %60a artean jaitsi daitezke.

Egoera hori arintzeko, Lakuak, Finantzen Euskal Institutuarekin lankidetzan, 50 milioi euroko diru poltsa bat prestatu du. Zazpi urterako kredituak izango dira, baldintza onuragarrietan, euriborra+%1.

Gainera, beste neurri batzuen artean, 3 milioi aurotako komunikazio eta sustapen programa bat diseinatu da, bertako eta nazioarteko merkatuan eragina izateko eta bonu batzuk ere aktibatu dira upategien eraldaketa digitala laguntzeko, guztira 700.000 euro.