NAIZ

Euskal presoen egoera salatzeko Iruñeko espetxe berrira martxa antolatu du Sarek

Euskal presoek bizi duten egoera salatzeko martxa ibiltaria deitu du Sarek ekainaren 20rako Iruñean, ‘Izan Bidea’ dinamikaren baitan. Mobilizazioa Sarasate Pasealekutik hasiko da 17.30ean eta Iruñeko espetxe berrian bukatuko da.

Sareren ekimen ibiltariaren aurkezpena, gaur Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Sareren ekimen ibiltariaren aurkezpena, gaur Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Sarek beste behin ohartarazi duenez, covid-19aren eraginez ezarritako alarma egoerarekin, espetxeetako egoerak «okerrera egin du nabarmen, kasu askotan, presoak eta haien senideak muturreko egoeretara eramanez». Euskal presoak eta haien senideak pairatzen ari diren ondorioak «oso larriak» direla adierazi du.

Sarek, gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daudela gogoratu du. Horrez gain, 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24.

Bestalde, Estatu espainiarrean kartzelan dauden euskal presoen %80a etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean daudela gogoratu du ere, eta Estatu espainiarrean dauden 198 euskal presoetatik 156, 1. graduan daudela.

Honi, Covid-19a dela-eta ezarritako alarma egoerak ekarritako «kalte gehigarriak gehitu behar zaizkiola» adierazi du Sarek; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, «zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den».

«Muturreko egoera hauei Julen Atxurrak izan duen garuneko isuria gehitu behar zaio, Frantziako Estatuak espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna ekiditeko enegarrenez jarri duen helegitea, Josu Urrutikoetxeari aske uzteko eskaera ukatu izana edo-ta hirugarren graduan egonik sei euskal presok baimenarekin ateratzeko oraindik duten debekua gehitu behar zaie», azaldu du Sarek.

Patxi Ruizen egoera larria ere horren adierazle dela gogoratu du, «euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politikak eragin duen muturreko egoera, hain zuzen ere».

Guzti honek, euskal presoen egoerari irtenbide bat emateko dagoen «premia» agerian uzten duela nabarmendu du: «Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin betiko. Egoerak berak erakusten duen urgentziaz».

Hori dela eta, ekainaren 20an, berriz ere mobilizatzera deitu du, 17.30ean Sarasate Pasealekutik abiatuta Iruñeko espetxeraino antolatu duen martxa ibiltarian, ‘Izan Bidea’ dinamikarekin bat eginez.

«Preso eta iheslarien etxerako bidean bultzatzeko, denok izan behar dugu bide horren parte. Hortaz, altxa gaitezen, izan gaitezen bide horren parte eta ekar ditzagun presoak etxera, bada eta ordua!», adierazi du Sarek.