NAIZ

VillaSoundBilbao jaialdia abiatu dute, bakarlari eta talde gazteak sustatzeko eta prestatzeko

Bilboko Udalak VillaSoundBilbao jaialdiaren lehen edizioa antolatu du, bakarlari eta talde gazteen sorkuntzak bultzatu eta sustatzeko eta musika arloko egungo askotariko proposamenak jendeari eskaintzeko. Jaialdiaren barruan hainbat ekintza egingo dira aurten eta 2021ean.

VillaSoundBilbao jaialdiaren aurkezpena.
VillaSoundBilbao jaialdiaren aurkezpena.

Bilboko Udalak jakinarazi dutenez, jaialdiaren baitan, 2021eko apirilean, lau kontzertu egingo dira Bilborocken. Horretarako, epaimahai profesional batek Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 12 bakarlari edo talde gazte aukeratuko ditu (16-30 urte).

Kontzertuetako bakoitzean aukeratutako hiru talde eta talde gonbidatu bat arituko dira. Doakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte. Kontzertu horietan parte hartu nahi duten bakarlari eta taldeek www.bilbao.eus/bilborock webgunean aurkez ditzakete beren lanak, azaroaren 9ra arte. Urtarrilaren lehen hamabostaldian jakinaraziko dira aukeratutako taldeak.

Lau kontzertuen ondoren, hautatutako 12 taldeetatik seik ‘VSB Mentoring’ prestakuntza programa batean parte hartuko dute. Programa hori 2021eko maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta aukeratutako talde edo bakarlarien beharrizanetara egokituko da.

Profesionalek emango dute prestakuntza, eta hainbat gai landuko dituzte: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

Programa ‘VSB Tour’ birarekin amaituko da, 2021ean. ‘VSB Mentoring’ prestakuntzako aldiaren ondoren, parte hartuko duten sei taldeetako bat Espainiako Estatuko hiri batzuetan jotzeko aukeratuko dute. Lau kontzertuko bira izango da, 2021eko azken hiruhilekoan. Helburuak dira banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo proiektatzea.