NAIZ

Iheslarien auzia ere «konponbidearen agendan» sartu behar dela nabarmendu du Foro Sozialak

Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarateren itzuleraren ondotik, «motibazio politikoko iheslarien auzia ere konponbidearen agendan» sartu behar dela azpimarratu du Foro Sozialak.

2018an Tolosan egin zen Iheslari eta Deportatuen Eguna. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
2018an Tolosan egin zen Iheslari eta Deportatuen Eguna. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Ohar baten bitartez, Foro Sozialak azaldu du Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarateren Euskal Herrirako itzulerak eta Josu Lariz Iriondo deportatuaren bizitzari buruz Iruñean estreinatu berri den ‘Kaxa Hutsak’ dokumentalak «mahai gainean» jarri dutela oraindik 41 pertsonek (tartean 8 deportatuk) bizi duten «errealitate zaila, Aieteko Konferentzia egin eta hamar urtera».

«Arazo ezaguna da, agenda mediatikotik kanpo dagoena, eta aitortu behar dugu oso zaila dela konponbide kolektibo baten norabidean aurrera urratsak egitea», azpimarratu du, horren atzean dauden bi zailtasun nagusiak aipatuz: alde batetik, Auzitegi Nazionalaren jarrera, «pertsona horien abokatuei beren espediente judizialetarako sarbidea ukatzen dielako eta, ondorioz, haien erregularizazio juridikorantz aurera egiteko aukerak aztertzea eragozten duelako» eta, bestetik, «preskripzioaren erabilera bihurria, etengabe luzatzen dena, pertsona asko itzulerarik gabeko egoeretara kondenatuz». 

Hala, Foro Sozialaren esanetan, «Sarrionandia eta Azkarateren borondatea izan da jatorrizko lekuetara itzultzea ahalbidetu diena». «Gauza bera esan daiteke –gaineratu du– 1998tik itzuli diren beste 201 iheslariez, kolektibo horretarako kideek itzulerako bideari ekitea erabaki zutenean».

«Normalizazio politikoa lortzeko bidean» presoen aferan aurrerapausoak ematen ari diren une honetan, Foro Sozialak «beharrezkotzat» jotzen du «konponbidearen agendan sartzea motibazio politikoko delituengatik ihes egindako 41 pertsona horien arazoa».

Sei proposamen zehatz

Era berean, adierazi dute IV. Foro Sozialaren ondorioak «oraindik ere egokiak» direla afera hau konpontzeko: «proposamen inklusibo hauen ezarpenak arazo honi arrazoizko epe batean irtenbide integrala emateko beharrezko baldintzak sortzen lagunduko luke».

Sei dira, zehazki, Foro Sozialak planteatzen dituen gomendioak. Alde batetik, «prozedura judizialik ez daukaten edo dagoeneko preskribatu diren prozedurak dauzkaten itzulera erraztea dagoekien instituzioen aldetik».

Bestetik, «torturaren bidez lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak soilik dituzten pertsonen itzulera bermatzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz».

Horrez gain, proposatzen dute «justizia trantszionala baliatuz, irtenbide juridiko bat artikulatzea oraindik ere ‘deportazio zigorra’pairatzen ari diren guztientzat».

«Preskribatzear dauden prozedura judizialak errepresio helburuarekin ez erabiltzea» eta «Auzitegi Nazionalak iheslarien abokatuei haien egoera juridikoaren inguruko informazioa ukatzeari uztea» eskatzen dute.

Azkenik, presoak, preso ohiak iheslariak eta deportatuak bake eta normalizazio prozesuan «partaide aktiboak» izatea gomendatzen du Foro Sozialak.