Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Itzuli da

Eta poztekoa da, inondik ere, ihesean jarraitzeko ihes egin zuen presoaren, erbestetar egiterainoko atzerriratuaren itzulera. Are pozgarriagoa, berak bezala «no futuro e nos demais tempos verbais» gordeta zenbait hamarkada emandako beste lagun euskalduna ere berarekin itzuli izana.

Joseba Sarrionandia, Habanan. (Jose GOITIA)
Joseba Sarrionandia, Habanan. (Jose GOITIA)

Akorduan zeuzkan baina nekez ezagutu dituen Barrenkale, Artekale eta Goienkalera inguratu da dagoeneko eta udal herri horretatik bere udalerrira bueltatu da. Izan da, nola ez, Garaizarren François Tuffautek bezala zinema ikaragarri gogoko izan baina hark ez bezala betileak erre ez zituena, gaztetan euskal aldizkarietan idazten zuena, zinemaz idazten zuena, euskaraz idazten zuena.

Euskal Herrira iritsi berri da ez dakit nork dantzatu ez duen harako abestiaren protagonista, euskal musika taldeek abesten dituzten eta ez dakit nork entzuten ez dituen poemen egilea.

Euskal Herrian da, hedabideek diote, Pott Bandako T kidea. Banda terroristako kidea, lege xedapenez; baina eta horregatik, torturatzaileen bandak xehatua. Torturatua, kartzelatua, erbesteratua. Borroka armatuaren beharra eta borroka desarmatuaren beharra aldarrikatu dituen iraultzailea.

Ez da gehiegi berandutu Bernat Etxeparerekin zuen zitara laurehun urte beranduago iritsi zena baina Etxeparek inoiz ETB ikusi gabeari itxaron eta Habanako Unibertsitatean Euskal Kultura irakurletzako irakasle postua eskaini ziona. Iurretako plazan jesarri eta gogoratu zaio egun batean, Bergarako UNEDeko Fonetika irakaslea zela, etxetik irten eta biharamunean Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Manchako fakutalteetan Euskal Dialektologia eta zerrenda luze bateko apaizen bizitza eta mirarietatik haragoko literatura irakasten zituela, usategia esaten zieten zigor ziegetan erdi ezkutuan irakurri eta idazten zuela miaketen kontra, larderiaren kontra.

Heldu da Sarrionandiaren istorio bateko pertsonaia bat; esate baterako, estazioko aulki batean jarri den edo ez den emakumeak asmatua. Mundu zabaleko itsasoak zeharkatu ostean, hamaika abentura, borroka eta aurkikuntzaren ostean, Kalaportura gerturatu dena, inork baino hobeto ezagutzen duen inguruan zehar ibiltzeko mapa baten bila.

Bueltan da abangoardiako literatura egitea ez dela hain erraza jabetuta ‘Izuen gordelekuetan barrena’ gogoangarria idatzi zuena, poesiak zertarako balio duen ondo jakin gabe balio handiko poesia idatzi duena. Hemen da hemengoa naiz esaterik ez zuen malkoen katedral hartan ‘Narrazioak’ idatzi eta euskal narraziogintza astindu zuena.

‘Gartzelako poemak’, ‘Marginalia’ eta ‘Hitzen ondoeza’ ondu zituena hemen izanik hara da, euskal saiakerako ipuinik ederrenetakoak eta euskal fikzioko saiorik burutsuenetakoak oparitu ostean. Bere poemen eta narrazioen perfekzioaren ihesi perfekzioaren muga ikusarazi duena.

Itzuli da marinel zaharra. Obra laburrak eta obra luzeak idatzi dituena. Obra txikirik ez duena. Euskal literaturaren gaineko tesi ugaritako lerroak bete dituena. Literatura politikoa eta politika literarioa egin duena, pentsalari buruargia eta idazle iragarlea. Bere hizkeran eta Euskal Herriko azken bazterreko hizkeretan hizkuntzaz mintzatu dena; sortze lanetan, sortze lanaz. Hitzaren maisua, esanahiaren biderkatzailea, metafora-sorgintzailea, ironiaren birtuosoa, umorearen zirujaua, pentsaera sakoneko saiogile oparo, aparta eta apartekoa.

Fikzioaren eta errealitatearen artean bizi dena bueltatu da. Artean. Mundua eta, beraz, Euskal Herria gutxik bezala deskribatu duena, eta alderantziz. Bere arrazoiak irakurleari arrazoia emateko eskatu gabe azaltzen dituena.

Egunotan mito bat dabil Euskal Herrian, kartzelan, deserrian eta tintazko mila mundutan zaildutako mitoa, berak ezagutzen ez duen mitoa. Espainolen, euskaldunen eta beste moroen, bere buruaren desmitifikatzailea.

Itzuli da bere kondena beteta, inondik inora ez hustuta. Bizitza bete kondenarekin eta bere erruari ondo helduta. Egin duenaren eta egin ez duenaren errua, bizitzaren zentzu mingarria. Euriak atabala jotzen dueneko edertasunaren krudela erakutsi duena.

Etorri da egiaz inoiz joan ez den lagun lasai eta umila, lagunak gogoan, hangoak eta hemengoak, han eta hemen joandakoak. Beti bezain lagun, lasai eta umil.

Hemen da etortzeko joan behar izan duena. Itzuliko dena. Habanako gau batean bere itzulera kontatuko duena. Kalaportura gerturatu da halako batean, tristura zahar bat aldean, bidaia amaitu ez den seinale.

Halako batean itzuli da amaren begien hondotik, eta pozgarria da.