NAIZ

Biharko Euskal Curriculuma eraikitzen jarraitzeko topaketak antolatu dituzte ikastolek

‘Bihar. Piztu jakinmina’ izenburudun topaketak eginen ditu Ikastolen Elkarteak on line bidezko lau saiotan, maiatzaren 17, 18, 25 eta 26an. Euskal Curriculumaren eraikuntzan orain arte egin dena helarazi, eta etorkizunera begira aberasgarri izango diren beste eragileen ekarpenak jasoko dituzte.

Ikastolek «Bihar» ekimena aurkeztu zuten otsailean, Irunen. (Maialen ANDRES/FOKU)
Ikastolek «Bihar» ekimena aurkeztu zuten otsailean, Irunen. (Maialen ANDRES/FOKU)

Ikastolen Elkarteak `Bihar. Piztu jakinmina´ topaketak antolatu ditu, joan den otsailaren 25ean plazaratu zuen `Bihar´ ekimenari segida emanez. Euskal Curriculuma garatzeko bidean izandako esperientziak partekatu eta beste eragileen ekarpenak jasoko dituzte, etorkizuneko Euskal Curriculuma eraikitzen jarraitzeko. Telebista formatuko lau saio eskainiko dituzte on line, lehenengo biak komunitate barrura begira, maiatzaren 17 eta 18an, eta hurrengoak, 25ekoa eta 26koa, jendarteari zabalduz. Azken bi hauek Ikastola.eus-en webgunearen bidez jarraitu ahalko dira.

Aipatu bezala, otsailean, ‘Bihar’ ekimenean, Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen 11 oinarri ezarri zituzten ikastolek. «11 oinarri horien gainean, egiten dugunaren inguruan gogoeta egin eta biharkoari begira oinarri bakoitzaren inguruko ekarpenak jaso nahi dira». Bide horri ekin nahi diote topaketekin.

Topaketen egitaraua

Lehenengo bi egunak ikastolen esperientziak partekatu eta ezagutza sarea indartzeko eta aberasteko izango dira.

Hirugarren egunean familiengana gerturatu nahi dute. Maiaatzaren 25ean, 17.30etik 18.30era, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak Euskal Curriculumaren sorrera eta ibilbidea azalduko ditu. Zigor Ibarzabal Hezkuntza arduradunak zutabeen eta praktikarako gakoen berri emango du eta eguneroko praktika erakutsiko dute bi irakaslek.

Laugarren egunean, 26an, 17.30etik 19.00etara, biharkoari begira jarriko dira. Gurutze Ezkurdia (Euskal Herriko Unibertsitatea), Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitatea) eta Paul Bilbao (Kontseilua) izango dira partaideak.

«Aurreko egunetan nondik gatozen, zer egin dugun, non gauden eta praktikatik hobetzeko zer dugun izan badugu esku artean, azken saio honetan gizarteko eragile ezberdinen ekarpenak jaso nahi ditugu. Beti ere, Euskal Curriculumaren eraikuntza honetan aberasgarri izango diren ekarpenak. Euskalgintzatik, herritik, euskaratik, hezkuntzatik... fokua esparru hauetan jarri eta aditu ezberdinek bere iparra azalduko dute», adierazi dute.