NAIZ

Tubacexeko kaleratzeak baliogabetzat jo dituzte epaitegiek

LABek zabaldu duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Tubacexeko kaleratzeak baliogabeak direla, eta ondorioz enpresak berriro hartu beharko ditu kaleratutako 95 langileak.

Tubacexeko langileen manifestazioa. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)
Tubacexeko langileen manifestazioa. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)

Greba mugagabearen 146. egunean, Laudioko eta Amurrioko Tubacexen lantokietan aurkeztutako EEEa (Enpleguaren Erregulazio Espedientea) baliogabea dela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, auzi honetan irekita zituen bi epaiketak itxi ostean, LABek sare sozialetan jakinarazi duenez.

Ekainaren 21ean eta 22an egindako epaiketen bi epaiek berariaz onartzen dute Tubacexeko zuzendaritzak ez zuela EEEa aurkezteko arrazoi nahikorik, eta baliogabetzat jo du.

«Gertaeren kontakizunak ikusita, konbentzimendu osoa dugu esateko kaleratze kolektiboa covid-19aren pandemiari lotuta dagoela, sindikatu demandatzaileek dioten bezala», ondorioztatzen du epaiak.

Horregatik, kaleratzeak «justifikatu gabekoak» direla ebazten du, ez dagoelako tartean justifikatzen duen ekonomari, antolamenduari edo ekoizpenari lotutako arrazoirik.

Garbiñe Biurrun eta Juan Carlos Iturri izan ziren auzia zuzendu zuten epaileak. Epaiketaren saioetan, enpresak baztertu egin zuen EEEa baliogabetu eta horren ordez Enpresa Erregulaziorako Behin-behineko Espediente (EEBE) bat ezartzea uztailaren 31ra arteko iraupenarekin, bi urtetan langilerik ez kaleratzeko baldintzarekin.

Langileek, azken lau hilabeteetan egindako mobilizazioetan, hainbatetan Ertzaintzaren karga bortitzak pairatuz, borroka egin dute epaimahaiak EEEtik eratorritako TTIko eta Aceralavako kaleratzeak ez-bidezkotzat jo zitzan eta kaltetutako 129 pertsonak, horietatik 95 kaleratuak, berriz onar ditzan, «lehengo baldintza berdinetan».

Ebazpen hauekin, Tubacexeko langileen aldarrikapenak bete dira eta enpresak kaleratutako langileak berriz hartu beharko ditu. Ekainaren amaieran egin ziren epaiketak eta asteartean argitara eman dute epaia.

«Pozez zoratzen»

Ixone Retesek Tubacexeko langileak NAIZ IRRATIAn esan du beharginak «pozez zoratzen» daudela. «Guretzat bidegabekeria zen hau guztia eta arrazoia eman digute», esan du.

Ez dute oraindik balorazio ofizialik egin, baina piketeetan elkartzen ari direla esan du Retesek. «Aurrerapauso handi hau» ospatzen ari dira orain langileak. «Justiziak arrazoia eman digu, eta orain erantzunkizuna dutenek zerbait egin beharko dute», dio.

Tubacexeko zuzendaritzak Aero Castings ITPkoak ekainean egin zuen bidearen antzik izan dezakeen galdetuta (zuzendaritzak uko egin zion Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan kaleratutako 90 langileak berriz hartzeari), Retesek nabarmendu du orain enpresari dagokiola erantzunen bat ematea, baina langileek argi daukatela, «helegitea jarri edo ez», borrokaren bidean jarraituko dutela.

«Borrokak merezi du eta egin behar da», esan du Tubacexeko langileak

Bestalde, esan du zuzendaritzarekin ez dutela momentuz harremanik izan.

«Berme guztiekin»

ELAk «oso positibotzat» jo du Tubacexeko langileek egindako «lan izugarria», eta zoriondu egin ditu «garaipen honengatik».

«Tubacexeko langileak greban daude otsailaren 11tik, lanpostuen alde. Zalantzarik gabe, enpresako aktiborik onena eta borrokaren adibide bikainena dira», agertu du sindikatuak prentsa-ohar batean.

Horrekin batera, langileei dei egin die borrokan jarrai dezaten, «enpresak kaleratuen itzulera berme guztiekin egin arte».

Ildo beretik egin ditu adierazpenak LABek: «LABetik enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak. Aldi berean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia onartzeko eskatzen diogu, etorkizuneko edozein errekurtso bertan behera uzteko, gatazka hau ahalik eta ondoen itxi ahal izateko eta, mehatxurik gabe, guztion artean Covidaren aldi baterako egoera honen aurrean erabakiak hartzeko».

Langileak zoriontzearekin batera, Lakuari eta, zehazki, Industria Saila eta Lan Sailari zuzendu zaio. abertzalea. «Gizarteak arrazoia eman zigun aspaldi, eta orain auzitegiek eman digute arrazoia. Zer egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak? LABetik jarrera argia eta zalantza gabea eskatzen dugu: langileak lanera behin betiko bueltatzea bermatu behar du», adierazi du sindikatuak.

EH Bilduk ere Tubacexeko langileak zoriondu ditu ohar baten bidez, esanez lanpostuen alde egin duten borroka «eredugarria» izan dela. Agertu du, bestalde, asteartean ezagututako epaia «pizgarritzat» hartu behar dela Aiaraldeako «lan eta bizi baldintzak hobetzeko».

Zuzendaritzak helegitea aurkeztuko du

Tubacexeko zuzendaritzak jakitera eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra helegitea aurkeztuko duela Madrilgo Auzitegi Gorenean.

Zuzendaritzak esan du ez duela ulertzen zergatik ez den kontuan hartu «Oil&Gas sektoreak energia-trantsizioak eta deskarbonizazioak eragindako negozio-eredua nabarmen aldatu duela».

Testuinguru horretan, ez deritzo ulergarria Tubacex enpresak Araban azken urteetan izan duen «egoera larria» pandemiari lotutako arazo «koiuntural» gisa hartzea eta ez, zuzendaritzak defendatzen duen moduan, «egiturazko» arazo moduan.