Arnaitz Gorriti

Saski Baskoniak abuztuaren 14an hasiko du denboraldi-aurrea

Entrenamenduak hilaren 17an hasiko dira Dusko Ivanovicen aginduetara, aurrez mediku azterketak eta PCR probak pasatu ostean. Oraindik zehazteke dauden zortzi neurketa jokatuko dituzte gasteiztarrek ACB Ligari irailaren 18 edo 19an ekin aurretik. Giedraitisen etorkizuna ere argitu beharko da. 

Saski Baskonia dena prestatzen ari da 2021/22 denboraldiari aurre egiteko. (SASKI BASKONIA)
Saski Baskonia dena prestatzen ari da 2021/22 denboraldiari aurre egiteko. (SASKI BASKONIA)

Saski Baskoniak abuztuaren 14an ekingo dio 2021/22 ikasturteari begirako denboraldi-aurreko lanari. Aurreneko hiru egunetan mediku azterketak eta PCR probak pasako dituzte jokalariek eta, hala, abuztuaren 17an ekingo diote lanari Dusko Ivanovicen aginduetara, Baskonia Kirol Hiriaren instalakuntzetan, ohikoa den moduan.

ACB Liga irailaren 18 eta 19ko asteburuan hasiko da –Baskoniak ez du astebete aurretik jokatuko den Superkopan parte hartuko–. Bien bitartean hilabeteko tarte horretan arabarrek lagun arteko zortzi neurketa jokatuko dituzte, klubak berak aditzera eman duenez, nahiz eta oraindik zehazteke dagoen zeintzuk izango diren aurkariok eta non jokatuko duen Baskoniak. Hurrengo egunetan argituko du klubak berak aurrendenboraldiko egutegi zehatza.

Kontuan izan behar da, hori bai, oraindik jokalarien lantaldea erabat itxi gabe daukala Saski Baskoniak, batez ere Rokas Giedraitisen etorkizuna NBAn edo Gasteizen dagoen argitu beharko da eta horrez gain, Tonye Jekirik ordezkorik izango duen ala ez jakin beharko du Dusko Ivanovicek, nigeriarrak Unics Kazan taldera alde egin ostean. Ikusi egin beharko da Fall eta Costello erabiliko dituen Ivanovicek pibot posturako edota beste norbait ekarriko ote duten, Costello hegal-pibot postuan mantenduz.