NAIZ

Badajozeko espetxean hildako aitari azken gutuna, rap doinuz

Aitari idatzi gabeko azken gutuna kanta bihurtu du Peru Del Hoyok. Larunbatean bete ziren lau urte Kepa del Hoyo euskal presoa Badajozeko espetxean zendu zenetik eta iazko urteurrenean idatzitako lana, irudiz lagunduta, zabaldu du semeak.

«Egun gogor haiek moduren baten arintzen, minaz oroitzen, haiekin indartsuago egiten». Modu horretan aurkezten du Raperuk ‘Aupa aita’ abestia. 2017ko uztailaren 31an zendu zen Kepa del Hoyo euskal presoa Badajozeko espetxean bihotzekoak jota, etxetik 700 kilometrotara.

Iazko urteurrenean doinua jarri zion semeak aitari bidali gabe geratutako gutun horri. Bertan azaltzen dio nola egin dioten aurre familian egoerari, bere bizitzak hartu duen norabidea edo koronabirusak ekarritako pandemiak sortu duena. «Hegoak galdu arren ez dut galtzen iparra», laburbildu du gazteak.

Peruk ez zuen aita espetxetik kanpo ezagutu. Hilabete eta erdi zuenean espetxeratu zuten eta 19 urte zituenean zendu zen. Heriotzetik soilik zortzi egun iragan zirenean NAIZi elkarrizketa eskaini zion Peruk, Maite Sanchez amarekin batera, eta bertan azaltzen zuen aitarekin zuen erlazio berezi hori, orain kantan islatuta.

«Hartu kopak, bota festa. Baten bukaera danona ez da. Jantzi botak ta protesta. Azken finean hori bai zen bere kezka», amaitzen du Raperuk urte hauetan ondoan izan dituen lagun eta senideei eskainitako lana.

Kepa del Hoyo presoaren heriotza «heriotza natural» gisa definitu zuten agintariek, bihotzeko haustura baten ondorioz. Baina txosten anatomopatologikoa eta aurreko egunetako ebakuntza medikoak aztertuta, ondorioztatu da bost egun lehenago bihotzekoa izan zuela eta gaizki diagnostikatu zela antsietate eraso gisa.