Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Zen, da eta balitz

Ederra da Erika Elizarik asmatutako hitza: zendabalitz. Zen, da eta balitz. Izen bereko liburua bezalakoxea, gozagarria. Hegazkina, daramagun ziztuaren irudi. Bidaiakide ezezagunen bizitzak irudikatzeko jolasa, gauzatuta. Nor ez da jostatu horretara?

ZEN. Nolakoa zen iragan joana? Argazkiz betetako kaxa batean esploratzen hasi naiz kasik duela urte erdi hil zen osabaren etxean (agur, monsieur, maitasun pila. Ateraldiren bat izanen zenuen parentesi hauek umore beltzez betetzeko, seguru nago). Zure usaina duen etxera egindako bisita bakoitzean irudi sorta bati begiratzen diot, mantso-mantso, eta tentuz uzten ditut gero argazkiak zeuden tokian, inauterietako Momo erregea, soldaduskako mina eta komunioko inozentzia nahasten diren anabasan. Segituan ezagutu zaituztet osaba-izebak, begiradak, keinuak mantentzen direlako. Hara! Gu ere hemen gaude, Andaluziara, Parisera eta makina bat landetxetara egindako bidaietan. Segida bat ikusi dut, lotzen gaituen hari bat. Ezagutu ez nuen aitatxiren irudi bakarra nuen buruan orain arte, argazki batekoa, orain mugimendua eman ahal izan diot irudi gehiago ikusita. Gutxi ezagutu nuen amatxiren oroitzapenak ere aberastu ditut. Hurbil sentitu naiz. Albumen funtzioaz galdezka ibili naiz nire buruari, eta horixe izan daiteke bat.

DA. Zer gelditzen da? Zer gordetzen dut? Zer ateratzen diot egun bakoitzari? Zerk pizten nau? Zein da nire berezitasuna eta ekarpena? Argazkilariaren eta erretratatutako pertsonaren begiraden artean gertatzen den txispa klik bat da ZEN bihurtu aitzinetik.

BALITZ. Sute bat gertatuko balitz, zer objektu salbatuko nuke etxetik? Zerk merezi du? Doraemonen denboraren makinan etorkizunera bidaiatzerik banu, eginen nuke? Zer ikusiko nuke? Hariak jarraitzea eta hobetzea espero dut. Bertze arkanbele kanta batzuk aditzea. Umore onik ez faltatzea. Zen, da eta balitz. Beti da «zendabalitz». Eta hitzak lasaitzen nau.•