Idoia Eraso

Brebeta frantsesez zuzentzeari uko egin zioten Seaskako irakasleak zigortu egingo dituzte

Ostiral honetan Baionako karriketan egingo den baxoa eta brebeta euskaraz aldarrikatzeko ekintza egunaren bezperan,  aurreko ikasturtean brebeta frantsesez zuzentzeari uko egin zioten irakasleak zigortu egingo dituztela jakinarazi du Bordeleko Errektoretzak.

Brebeta frantsesez zuzentzeari uko egin zioten irakasleek ekainean eman zuten prentsaurrekoa.
Brebeta frantsesez zuzentzeari uko egin zioten irakasleek ekainean eman zuten prentsaurrekoa. (GUILLAUME FAUVEAU)

Ostegunean Errektoretzatik gutunak jaso dituzte joan den ikasturtean brebeta frantsesez ez zuzentzea erabaki zuten irakasleek, beraien soldataren parte bat kenduko dietela jakinarazteko. Biharamunean brebeta eta baxoa azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko giza katea antolatua delarik heldu da berria. Euskaltzaindiak bat egin du aldarrikapenarekin, eta Gobernu frantsesari horren aldeko eskaera helarazi dio.

«Emaitza baikorrak espero ditugunean, mezu ezkorrak bidali dizkigute, beraz hori salatzeko momentua ere izanen da Baionako giza katea», baieztatu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Aurreko ikasturtean azterketak euskaraz aldarrikatzeko mobilizazio handiak izan ziren eta horren baitan hainbat irakaslek azterketa zuzentzeko izaten den deialdi ofizialari erantzuteari uko egitea erabaki zuten. Ekainean izan zen hori eta ordutik hainbeste denbora pasa denez, ekintza harengatik ez zutela zigorrik izango espero zuten Seaskatik.

Momentu esanguratsuan heldu da gainera zigorraren jakinarazpena, alde batetik Baionako ekintzaren aldeko bezperan, bestalde ostiral honetan espero delako Errektoretzatik brebeta euskaraz egin ahal izanen den erantzuna.

Duela bi aste Seaskako ordezkariak Bordeleko errektorearekin elkartu ziren, brebeta euskaraz egin ahal izanen zen zehazteko. Orduan, Hezkuntza Nazional frantseseko ordezkariak horri buruzko erabakirik ez zuela hartu esan zien, eta beranduenez erantzuna gaur jakinaraziko zuela adierazi zuen.

Baxoa Parisetik eta brebeta Bordeletik

Egoera aski konplexua da azterketa ofizialei dagokionez, Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionala zela erabaki ondoren, gaur egungo egoera mantendu ahal izateko, eta egoera lasaitzeko zirkularra atera zuen Hezkuntza Ministeripak. Bertan bigarren hezkuntzako ikasketei bukaera ematen dien baxoa azterketa hizkuntza gutxituetan egin ahal izateko aukeraren erabakia Gobernuak emango zuela zehaztu zen.

Brebeta, aldiz, eskualde bakoitzeko errektoretzaren erabakia izanen da, eta beraz lurraldearen arabera eskubide hori izanen da edo ez, edo maila ezberdinetan behintzat. Horri buruz Ikastolen Federazioko zuzendariak zera nabarmendu du: «Zirkularra egoera lasaitzeko atera zutela esan ziguten, bazela borondatea gauzak konpontzeko, eta honek egiten duena da gauzak gehiago usteltzea eta haserre gehiago sortzea».

Gorostiagak laburbilduz baieztatu du: «Brebeta eta baxoari buruz gaur egun ez dakigu ezer, ez dakigu gure ikasleak zer eta nola aurkeztuko diren».

Baxoari buruzko informazioa eskuratzeko eskaera egin diote Gobernu frantsesari. Zentzu horretan ostiral honetako giza katearen ibilbidearen esanahia azaldu du Gorostiagak: «Lotzen ditu Suprefektura eta Baionako geltokia, Suprefektura Parisko Gobernurako lotura zuzena baita, eta geltokia Bordeleko lotura egiten duelako trenak. Esan nahi dugu ez daitezela aritu gu erotzen, bi diskurtsorekin Parisen esanez Bordeleren ardura dela, eta alderantziz, eta azkenean inork ezer ez egitea; hori ez dugu onartzen ahal».

Euskaltzaindia

Gutun bana igorri die Euskaltzaindiak Emmanuel Macron presidenteari, Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroari eta Ipar Euskal Herriko erakunde adieragarrienei, brebeta eta baxoa euskaraz egin daitezken eskatzeko.

«Frantziako Administrazioak paratzen dituen trabak eta ikasleen aukera berdintasuna» urratzen duela iritzi du Euskaltzaindiako zuzendaritzak, eta jarrera hori «biziki onartezina» dela salatu du.

Aldi berean, Estatu frantsesean hizkuntza gutxituen eremuan lanean ari diren beste erakundeekin harremanetan emanen dela jakinarazi du, «gaia batera aztertu eta Europako erakundeen aitzinean ekimen bateratuak aitzinaratzeko xedez».

Murgiltze ereduaren aldeko borrokaren baitan, brebeta Estatuko hezkuntza gutxituetan osorik egin ahal izateko eskaera aho batez eskatu zuten Euskararen Erakunde Publikoak eta beste eskualdeetan bere parekoak diren erakundeek, bai eta Korsikako Kolektibitateak ere.