Arnaitz Gorriti

Irribarria eta Rezustak bi aldiz irabazi behar izan dute Laso eta Imazen aurka (22-20)

Finalerdietako ligaxkako aurreneko neurketan, bi ezkertiak 14-5 aurreratu dira, Irribarriaren lan apartari esker, baina 21-20raino hurbildu dira Laso eta Imaz. Hala ere, Rezustak ezker horman luze moztutako pilotakada bati esker nagusitu dira bi gipuzkoarrak.

Rezustak azkenean ere aurrean erabaki du partida.
Rezustak azkenean ere aurrean erabaki du partida. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Neurketa bat behin irabaztea zaila ez balitz bezala, birritan irabazi behar izan dute Irribarria eta Rezustak Laso eta Imazen aurka Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkari dagokion aurreneko jardunaldian. Aramako aurrelariak sekulako aurreneko zatia egin du; begietara begiratu dio Unai Lasori eta ezker boleaz eta beste mila modutan partida bikote gorriaren alde irauli du, 14-5 jartzeraino. Artean, alperrik izan dira Lasok bi-hormako moduan atera dituen sakeak ere, partidak ez baitu ia kolorerik ere izan, gorriena ez bada.

Baina 14-6ko harekin aldatu da neurketa. Irribarriak beste behin aurrean dantzatu ditu Laso eta Imaz, eta Rezustari tantoa atzean borobiltzeko aukera eman dio. Alabaina, Bergarako ezkerrak horma-biko eskas xamarra jo du eta nork eta Ander Imazek zabalean airez amaitu du 14-6ko tantoa.

Horren ostean, askoz pilota lakarragoa atera dute urdinek, eta partida goitik behera aldatu da. Rezustak kontzentrazioa-edo galdu du eta askoz gutxiago gozatu du urdinen pilota xelebre hori. Eta orduan bai, Irribarriak bota dion erronkari aurrez aurre heldu dio Unai Lasok. Tantoak Baikoko bikotearen alde hasi dira erortzen bata bestearen segidan eta apostuzale bat baino gehiagok ere bihotzekoa noiz emango sufrituko zuen.

Gorrien patxada

Aurkariak atzetik aurrera zetozela ikusi arren oso berandu eskatu dute atsedena Irribarria eta Rezustak. «Beteta geundela baino gehiago, elkarri lasai egoteko esan diogu atsedenaldi horretan. Gure aukeraren zain egon behar genuela», adierazi du partidaren ostean Iker Irribarriak.

Urdinak tanto bakarrena birritan hurbildu dira: 16-15 lehenik eta 21-20 ondoren. Bietan ala bietan, ezin izan dute markagailua berdindu. Zabaletaren baimenarekin, inork baino gehiago jotzen duten arren, Irribarriak eta Rezustak sufritzen ere badakitela erakutsi dute, Labrit, normala den moduan, Unai Laso seme kuttun hartuta urdinen alde jarri baita.

Aramako aurrelariak hartu du partidaren lema eta ezkerti biak ia irabazteko puntuan jarri ditu: 20-15 lehenbizi eta 21-17 gero. Alabaina, Unai Lasok sekula ere ez du bururik makurtzen, ezta Ander Imazek ere, eta 21-20raino ekarri dute partida, harmailetan pilatu den jendearen zoramenerako.

Azken tanto hori ere menpean izan dute urdinek, baina Lasori oinetara joan zaion pilota baten ostean dena aldatzen joan da. Irribarriak erresto ahul bat ematera behartu ditu aurkariak eta, 14-5 zirenean bezala, Rezustari ahoko zuloan utzi dio pilota, Reyes Azkoitia handiaren ikasleak Bergararaino bota dezan.

Ez ordea, akaso bi-hormakoa txarto bota duelako bere buruarekin tematuta, gero ere aurrean jokatzeko saiakera batzuek egin ditu Rezustak, eta baita 21-20koan ere. Imaz tximista bezala erreboterantz abiatu da, baina Bergarako ezkerrak txokoan luze moztu du. Lasok ere egundoko hanka-jokoa erakutsi du pilotara sasoian iristeko, baina gainera etorri zaio Bizkarreta-Gerendiango aurrelariari, eta ezin izan du txapa gainean jarri.

A zer lasaitua eta poza hartu duen Rezustak une horretan! Izan ere, birritan irabazi behar izan baitute partida bera finalerdietako aurreneko puntua lortzeko.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 613.

Iraupena: 73:42 minutu.

Markagailua: 1-0, 3-0, 3-2, 8-2, 8-3, 8-4, 9-4, 9-5, 14-5, 14-6, 14-10, 15-10, 15-13, 16-13, 16-15, 20-15, 20-17, 21-17, 21-20, 22-20.

Sakez: 1 Irribarriak eta 0 eta Falta 1 Lasak.

Tantoak: 11 Irribarriak eta 2 Rezustak; 12 Lasok eta 1 Imazek.

Galdutakoak: 6 Irribarriak eta 1 Rezustak; 6 Lasok eta 1 Imazek.

Gorabeherak: Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka Iruñeko Labrit pilotalekuan. Partida 16-15 dela tanto bat errepikatu egin behar izan dute, irribariak Lasori traba egin diolakoan.