Jon Ormazabal

«Nahiago nuke elkarrekin jokatuko balute, aurka baino»

«Aurkari hurkoak», sekula ez etsaiak, izango ditu biharko Binakako esku-pilota finalak. Kirol honen mundu txikiak dituen istorio bitxi horietako bat dute atzean pilotalekuetan Uharten elkarrekin hazitako Unai Laso eta Julen Martija finalistek.

Laso eta Martija, Uharteko klubarekin jokatutako partida batean.
Laso eta Martija, Uharteko klubarekin jokatutako partida batean. (TXEMA LASOREN ARTXIBOA)

Pilota izango da munduan kirol bakarretakoa urteko txapelketa garrantzitsuenetako bateko finalaren aurretik finalistak aldagela berean prestatzen direna. Osteko txapeldunen irriak eta txapeldunordeen frustrazioek ere espazio berak partekatuko dituzte, giro berezi eta hurbilean, eta horrek egiten du, beste gauza askoren artean, horren gertuko eta gurea kirol hau. Baina mikrokosmos berezi horretan badira «etxekoago» harremanak; bihar aurkari, sekula ez arerio, izango diren Unai Laso eta Julen Martijarena, esaterako. «Hau bizitzea pentsaezina zen duela urte batzuk eta nahiago nuke elkarrekin jokatzea elkarren aurka baino, baina hala tokatu da eta ikaragarri pozik gaude», azaldu digu Txema Lasok, aurrelariaren aita eta urte askoan Uharteko pilota elkartean biekin aritutakoak.

Sei urterekin atera zuen bere lehen pilotari fitxa Bizkarreta-Gerendiaingoak, Auñamendi klubarekin; Donibanen ere aritu zen zenbait urtez, gaur egun Baikon kide duen Joanes Bakaikoarekin, baina biak aurrelariak izanda –txandaka aritzen ziren partidetan– atzelari berri bat bilatu behar izan zuten eta hor hasi zen Unai Laso eta Julen Martijaren harremana, Donibanen lehendabizi eta, batez ere etxekoa duten Uharteko klubean, profesionaletara jauzia eman aurretik euren formakuntza amaitu zuten klubean. Bi familien eta klubaren arteko harremana ez da oraindik eten. «Oso ondo eramaten dira eta lagunak gara, bai Julen Martijarekin eta baita haren gurasoekin. Urte asko dira batera. Gainera, Javier [Martijaren aita] eta biok klubeko zuzendaritza batzordekoak gara eta han ibiltzen gara laguntzen, ahal dugun neurrian, lau eta erdiko txapelketak, neska eta mutilenak, antolatzen eta».

Zorioneko daude, beraz, bertan, bihar edozer gauza gertatuta ere, Uharteko klubak txapeldun bat izango baitu bere harrobitik sortua. «Bi pilotari hauetaz gain, Peio Etxeberria daukagu ere Uharten hazia eta bere garaian Mikel Beroiz ere bai. Nesketan etorkizun oparoa duen Laia Salsamendi, gaur egun lesionatua, ahaztu gabe. Beraz, esan daiteke nahiko lan ona egiten dugula, eta ezeren truke, ze badakizu enpresek ez dutela ezer ordaintzen. Orain dela urte batzuk 3.000 euro ematen zituzten eta gaur egun ezer ez. Noizbehinka erabilitako pilota batzuk ematen dizkizute, baina bueno…», aldarrikatu du pilotazale amorratuak.

«Kotxeko show-a»

Atzera begira jartzeko eskatuta, Txema Lasok ez ditu ahazten Unai eta Julenekin Euskal Herrian zehar, pilotalekuz pilotaleku, egindako kilometroak. «Euskal Liga, Nafarroako txapelketak… Handitzen joan ziren heinean, txapelketa pribatuetan ez zituzten batera ipintzen, Lezaman bai eta irabazi genuen, baina normalean antolatzaileek jarritakoarekin jokatu behar izaten genuen. Esaterako DVa Martijak Altunarekin irabazi zuen –promesen mailan– eta Unaik Erasunekin, bakoitzak jarri zioten pilotariarekin», gogoratu du.

«Martijak lasaixeagoa ematen du, baina ez pentsa horren desberdinak direnik. Nahiko adarjotzaileak dira biak eta hauek kotxean eramatea show bat zen; denbora guztian elkarri adarra jotzen. Zorionez ez ziren zorabiatzen eta beti jostari. Ez dut esango irabazi edo galdu bost axola zitzaienik, baina ez zuten gaizki hartzen. Hori bai, bikote bezala onenetako bat ziren eta partida gehienak irabazten zituzten eta horrek ere laguntzen du», onartu du irriz. Garai hartan, profesionalak «estralurtarrak» balira bezala ikusten zituzten baina, urratsez urrats, gertuago ikusi zuen Txema Lasok bi gazte hauen ametsa. Hori bai, «ez dut uste honaino heltzea pentsatzen genuenik», aitortu du.

Beste gauza askoren artean zortea ere behar dela esan diogunean ez da erabat konforme geratu. «Nik uste zortea lan egiten duenari etortzen zaiola eta alde horretatik  ez da inolako arazorik egon, biak izan dira oso pilotazaleak eta oso langileak».

Garaiko anekdotaren bat eskatuta, Txemari kosta egin zaio bat aukeratzea, baina artxiboan arakatuta topatu digu eder bat. «Gartzarungo txapelketa azken aldiz irabazi zutenean (uste dut bi edo hiru aldiz irabazi zutela), txapela eta saria emateaz gain, Unairi pilotaririk onenaren saria eman zioten. Eta lehendik ere bazituenez batzuk irabazita, frontoi txiki hura hartu eta Juleni ematea erabaki zuen, ‘ze askotan halako sariak aurrelariei ematen zaizkie ikusgarriagoak direlako, baina aurrelariak irabazteko atzelari on bat behar du atzean’». Bihar bietako batek jantziko du txapel preziatua, baina besteak ere izango du lagunarengatik poz apur bat.

«Lasopedia», semearekiko eta pilotarekiko pasioa muturrera eramana

Unaik sei urte zituenetik egin duen bezala, Txema Laso koadernoa eta boligrafoa alboan dituela joango da bihar Bizkaia pilotalekura. Gainerakoek txalo egin edo gin- tonicari trago bat ematen dioten bitartean, berak partidan gertatutako guztia apuntatuko du, bere «Lasopedia» elikatzeko. «Afizionatuetan hasi nintzen eguna, lekua eta emaitza apuntatzen, estatistikak egiten nituen... gero baita komentario batzuk ere: ‘partida gogorra izan da’, ‘ondo hasi gara’... etorkizunean oroigarri bat izateko. Agian, egunen batean inprentara joan eta pilota uzten duenerako liburuxka bat egitea polita izan daiteke», azaldu digu.

Semearena bezala, aitaren lana ere, nolabait «profesionalizatu» egin da. «Saltoa eman zuenetik zenbat tanto egin dituen, zenbat galdu... ere apuntatzen dut eta berarekin nagoenean esaten diot, «ba gantxoarekin ez zabiltza fin, entrenatu beharko zenuke, nahi baduzu botako dizkizut pilota batzuk potearekin...”». Hori bai, iruzkin horiek ez dizkio momentuan egiten, asteartean edo, etxera bazkaltzera joaten denean, egiten dizkio.

Eta nola hartzen ditu aholkuok? «Normalean beti protestatzen du, ‘aita utzi bakean’ edo ‘aita, flipatzen ari zara’, baina badaki pilotari gisa inork ez duela nik baino hobeto ezagutzen, ezta Aimarrek ere. Nik partida guztiak ikusi dizkiot, koinatak telebistan ematen dituztenak grabatzen dizkit, partidetara koadernoarekin joaten naiz, horiek aztertzen ditut... niri ikaragarri gustatzen zait eta uste dut, ahal dudan neurrian, laguntzen diodala; borondatea hori da».

«Berak zerbait esan behar dit suposatzen delako berak gehiago dakiela pilotaz nik baino, baina ez dut uste hala denik. Nik partida guztiak ikusten ditut eta berari pilotan jokatzea gustatzen zaio ikustea baino gehiago». Eta azkenerako onartu digu: «Bere lekuan banengo, gauza bera esango nioke nik aitari».