Arnaitz Gorriti

Betisi esker, play-offetan sartzeko azken aukera azaldu zaio Bilbao Basketi

Bartzelonaren aurka 84-62 galduta, zortzigarren postura iristeko aukerak ia erabat ezabatu zaizkio, baina ez erabat, Kanaria Handiak Sevillan galdu baitzuen, bide batez maila matematikoki mantentzea erdietsiz. Larunbat gauean Betisi irabaziz gero oraindik zirrikiturik izan lezakete Mumbrurenek.

Iaz bezala, aurten ere Betisen aurkako dema oso garrantzitsua izango du Bilbao Basketek.
Iaz bezala, aurten ere Betisen aurkako dema oso garrantzitsua izango du Bilbao Basketek. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Aukerarik den artean hobe da ez etsitzea; hain da esateko erraza eta egiten zaila! Surne Bilbao Basketek asteartean 84-62 galdu zuen eta bazirudien play-offetan sartzeko ametsa behin betirako zapuztu zitzaiola talde bilbotarrari. Are gehiago astearte gauean Kanaria Handia Betisen aurka 18-28 aurreratu zenean lehenbiziko laurdenean.

«Gure akatsen erruz hautsi du partida Bartzelonak. Bestela ere nahikoa zail da Palau Blaugranan lehiakorra izatea, eta gure akatsekin bidea erraztu diegu gainera», kexa zen Alex Mumbru partidaren amaieran.

«Lehenengo erdian, aurretik gindoazela, ‘bi gehi bateko’ hainbat jokaldi egin dizkigute, edo jaurtiketa libreak atera dituzte bonusean ez geundela, beti ere falta beranduegi egiteagatik. Bigarren erdia hasi eta berehala, bi hiruko lortu ditu Barçak segidan eta kolpe horri buelta ematea asko kosta zaigu. Ahalengindu gara, baina kanpotik demaseko mina eman digute. Guk, berriz, ohi baino egun txarragoa izan dugu kanpoko jaurtiketan, eta hortxe joan zaizkigu aukerak», gaineratu zuen.

Baina Betisek egundoko mesedea egin zion Bilbao Basketi, Kanaria Handiaren aurka 18-28 galtzen hasi arren. Sevillako taldeak hirugarren laurdenean 29-14ko partziala erdietsi zuen, Shannon Evansen 28 puntu eta 17 asistentziei esker –ez dira alperrik webgune berezituak asteazken honetan bertan Euroligako taldeen interesa aipatzen hasi– eta azken emaitza 93-86 izan zelarik andaluziarren alde, Betisek ACB Ligan beste urtebetez jarraitzea lortzeaz gain, Bilbao Basketi azken azken azken aukera bat zabaldu dio, akaso ordu batzuetarako itxaropena, dena esaten hasita.

Bizkaitarrek hamargarren postuan jarraitzen dute, 16 garaipenekin, Murtziarekin berdinduta eta Kanaria Handiak baino garaipen bat gutxiagorekin, nahiz eta kasu honetan puntu aldea bilbotarren mesederako den. Sito Alonsorenek partida bat gutxiago jokatu dute oarain arte eta, bada, bi ditu jokatzeko. ACB Ligako Fase Erregularra amaitzean Murtziak 16 garaipenekin eta Kanaria Handiak 17rekin amaitzea da beltzezko gizonen aukera bakarra play-offetan lekua egiteko, Bilbao Basketek bere etxeko lanak egiteaz gain.

«Real Madril» faktorea

Hasteko, baina, asteazkenean UCAM Murtziak Real Madrilen kantxan jokatzen zuen. Sito Alonsorenek irabazi izan balute, akabo, baina ez da hala izan; Pablo Lasoren gizonek mesede galanta egin diote talde bilbotarrari eta azkenean 90-69 nagusitu dira.

Behin Real Madrilek irabazita, kasu horretan azken zirrikitu bat izango luke talde bizkaitarrak azken jardunaldiari begira. Bilbao Basketek berak Betisi egin beharko dio aurre larunbatean Miribillan, 20.45etatik aurrera. Ez dago bueltarik; andaluziarrei irabazi behar die Alex Mumbruren taldeak edo jai dago.

Baina irabazita ere, emaitza Kanaria Handiak eta Murtziak, biek galdu behar dute. Kanaria Handiak Real Madrilen bisita jasoko du eta ezin da ahaztu Pablo Lasoren gizonak larunbat gauean datorren asteko Euroligako Final Fourra izango dutela gogoan, beste ezer baino gehiago. Bada Porfi Fisacek zuzentzen duen taldeak aurkari zaila izango badu ere hainbeste behar duen azken garaipen hori erdiesteko, kontuan hartu behar da aurkaria ez dela, logikoa ere bada, %100ean kontzentraturik egongo.

Zaragozaren umorea

Murtziarrei dagokienez, hauek ere etxean jokatzen dute, baina aurrean Basket Zaragoza izango dute. Joan zen zapatuan Gasteizen 91-59 galdu zuten Dragan Sakotaren gizonek eta astearte gauean, berriz, ia maila galduta zetorren Morabanc Andorraren aurka burua makurtu behar izan zuten, 80-83, bi luzapen jokatu eta gero.

Aragoikoek galduta ere maila manten lezakete, baina esan gabe doa irabaziz gero askoz aukera handiagoak izango lituzkeela. Esan gabe doa ere Murtziak etxean maila galtzear den talde baten kontra nekez egingo duela kale.

Alegia, Bilbao Basketek bere azken partida irabaziko balu ere, hobe txakur ametsik ez egitea, baina gutxienez, atearen danbatekoa entzuten den artean bederen, play-offetan sartzeko zirrikitu batek zabalik dirau.