Andoni Arabaolaza

Klima aldaketa Everest mendia gogor kolpatzen ari da

Ikerlariek diote azken hiru hamarraldiotan munduko mendi garaieneko izotzak 2.000 urte atzera egin duela. Horri beste datu kezkagarri bat gehitu behar zaio: Nepalgo Armadak 34 tona zabor atera ditu azken bi hilabeteotan lau zortzimilakotatik.

Azken hiru hamarraldiotan, munduko mendi garaieneko izotzak 2.000 urte atzera egin du. Egoera horren ondorioz, Nepalek erabaki du kanpaleku nagusia 400 metro beherago jaitsiko duela.

Zientzialariek argi diote: «Klima aldaketa betirako geratu da Everest mendian». Oinarri zein ikerketa zientifikoek baieztatu dute munduko mendi garaieneko glaziar altuena, hegoaldeko lepoan dagoena, atzera egiten ari dela. Zehatz-mehatz esanda, azken hiru hamarraldiotan izotzak 2.000 urte atzera egin du. Ez dago ezbairik urtzen ari dela.

Eta hori guztia argitu duena 34 zientzialarik eta aditu nepaldarrek osatutako talde bat izan da. Espedizio zientifiko horrek glaziarraren izotz nukleotik hainbat lagin atera ditu, eta emaitza, gordina izateaz gain, oso adierazgarria da: 90eko hamarkadatik aurrera, eskualde horretan izandako tenperaturaren gorakadagatik izotzaren masa erdia galdu da. Hori gutxi ez, eta mende honen erdian eremu hori desager daiteke.

Nepaleraz “Sagarmatha” izena duen munduko mendi altuenaren hego aurpegian egindako ikerketa zientifikoa  orain artek bertan egindako garrantzitsuena da. Eta egileek ezusteko handia hartu dute. Taldeak munduko beste mendilerro batzuetako glaziarren berri bazuen, baina zur eta lur utzi ditu 8.000 metroko kotan aurkitutakoak: «Agerikoa denez, garaiera horretan hotz handia egiten du; horregatik zaila da ulertzea izotza nola egiten ari den atzera. Azken 20 urteotan, Himalaia asko aldatzen ari da. Ohartu gara Everesteko ingurumarian dauden glaziarrak aldatu egin direla. Khumbuko glaziarra ez dago egoera horretatik at. Hau da, Everesteko goialdeko zein behealdeko glaziarrak eragin bera jasaten ari dira».

Kanpaleku nagusia

Ikertzaileek Khumbuko glaziarra aipatu dutenez, gogoratu behar dugu Everesteko kanpaleku nagusia glaziar horren azpian edo sarreran dagoela. Hain zuzen ere, 5.350 metroko garaieran. Zientzialariek ez ezik, zortzimilako altuena bisitatzen dutenek ere argi ikusten dute izotz geruza asko txikitu dela. Hots, ebidentzia zalantzaezina da.

Klima aldaketari Sagarmathak jasotzen dituen espedizioen eragina gehitu behar zaio. Izan ere, ehundaka mendizale gerturatzen dira bertara urtero. Hainbat eragile neurriak hartzen hasi dira ezinbestean.

Nepalgo Gobernuak, adibidez, iragarri du 2024. urtetik aurrera kanpaleku nagusia 200 eta 400 metro artean jaitsiko duela: «Egoera oso latza da. Ez dugu uste kanpaleku nagusia altuera horretan mantentzea jasangarria denik. Gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari da. Tenperaturek gora egin dute, eta horren ondorioz gero eta arrakala gehiago azaltzen ari dira kanpalekuan eta haren ingurumarian. Luiziak zein elur-jausiak ere biderkatu egin dira».

Nepaldarrek neurri horiek indarrean jartzen badituzte, egungo kanpaleku nagusia desagertu eta haranetik 400 metro beherago antolatuko dute. Era horretan, ohiko ehunka dendak, izotzean altxatu ordez, arrokan jarriko dituzte: «Neurri oso eraginkorra izan daiteke; batez ere, izotzaren masak ez lukeelako inpakturik izango. Kerosenoak eta janaria prestatzeko erabiltzen den gasak izotzari ez dio onik egiten. Azken urteotan, montzoi aurreko edo udaberriko denboraldietan kanpaleku nagusiak 1.500 ‘biztanle’ ditu. Gas horien isurketa aipatu dugu, baina aipatu behar dugu ere mendizale horiek milaka litro pix uzten dutela mendian».

Gogoratu behar dugu kanpaleku nagusiaren kokalekua 1950. urtetik ez dela aldatu. Jakina, hasierako eta egungo espedizioen inpaktua ez da berdina, baina, ikerlariek diotenez, batez ere azken hiru hamarraldiotan Everestek kolpe gogorra jaso du. Horregatik, Katmandutik jasotako berriak harrera ona izan dute mendizaleen artean. Baina, beti gertatzen den bezala, alde bateko eta besteko zalantzak uxatzea ez da erraza. Kanpaleku nagusia beherago jartzen badute, mendizaleek bigarren kanpalekura arte egin beharko duten ibilbidea luzeagoa izango da. Eta dagoeneko batzuek kezka azaldu dute ez ote den helikopteroen erabilera ugarituko. Joera hori egun asko zabaldu da; hots, kanpaleku horretatik bigarrenera tresneria helikopteroz garraiatzen dute. Eta, hortaz, bi urte barru ibilbidea luzeagoa bada, Khumbuko glaziarra are arriskutsua egoten bada… ez ote da mendizaleen artean helikopteroaren erabilera nagusitzen hasiko?

Momentuz, Nepalek ez du azalpen askorik eman. Kanpalekuaren kokalekua jaitsiko duela esan du, bai, baina nora lekualdatuko duten ez dute zehaztu. Antza denez, hiru aukera daude. Lehena, eta kanpaleku nagusitik gertuen dagoena, Gorak Shep (5.150 m) da. Joan den udazkenean, Marc Batard frantziarrak han altxatu zuen bere kanpalekua. Lobuche herrixka (4.940 m) bigarren aukera omen da. Eremu hori erosoagoa eta eskuragarriagoa da. Eskuarki, trekkingetako taldeek herrixka hori erabiltzen dute. Eta hirugarrena eta azkena, Gorak She eta Lobuche artean dagoen Nazioarteko Klima Behatokia izango litzateke. Hots, “Lobucheko Piramidea” (5.050 m) izenez ezaguna dena eta Jost Kobusch alemanak iragan neguan Everesteko espediziorako erabili zuena.

Eta zaborra

Aipatu datu kezkagarriei beste bat gehitu behar diogu. Hain zuzen ere, egitasmo batek  agerian utzitako errealitate latza. “Mountain Clean-Up” kanpainari buruz ari gara. Egitasmo hori munduko hainbat mendilerrotan aurrera eramaten da, eta, izenak ondo argitzen duen bezala, xedea mendietan uzten den zaborra garbitzea da. Bada, Nepalgo zortzimilakoetan egindako bi hilabeteko kanpainan, 34 tona zabar atera dituzte Everest, Lhotse, Kangchenjunga eta Manaslutik. Hirugarren udaberria zuten lan horretan, eta, babesle eta kolaboratzaile asko izan badituzte ere, Nepalgo Armada izan da proiektuaren zuzendaria.

87 gizabanakok egin dute bat kanpainarekin; den-denak nepaldarrak. Horietako 30 militarrak izan dira; garaierara ondo egokitzen diren espezialistak. Eta 57 xerparen laguntza jaso dute. Ia bi hilabetez (55 egun Everesten eta Lhotsen, eta 45 Kangchenjungan eta Manaslun) egon dira zaborra zortzimilakoen aldatsetatik ateratzen; apirilaren 5etik maiatzaren 31ra.

Nepalek baieztatu du izaera horretako egitasmoak bultzatuko dituela aurrerantzean ere: «Gure mendiek ahalik eta garbien egon behar dute. Ezin ditugu zikindu, ezin ditugu inguruok degradatu; finean, ezin dugu herrialdearen irudia horrela kaltetu. Gure mendiek eta haranek urtero milaka bisitari izaten dituzte, eta horiek dira gure diru iturri garrantzitsuenak».