Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Joseba Sarrionandia: «Euskal literatura barbaroen zain dago»

Ikastaroa eskaini dio Euskal Herriko Unibertsitateak Joseba Sarrionandiari. Bukaerako hitzaldian, iurretarra euskal eszena literarioaren egoerari buruz mintzatu zen: «Euskal literatura hiperkultista da», ohartarazi zuen. Kavafisen poeman bezala, dena hankaz gora jarriko duten «barbaroen zain» gaude.

Ezker-eskuin, Nerea Eizagirre ikastaroko antolatzailea, Joseba Sarrionandia eta Eider Rodriguez idazleak, eta Mikel Ayerbe irakaslea, kaferako tartean.
Ezker-eskuin, Nerea Eizagirre ikastaroko antolatzailea, Joseba Sarrionandia eta Eider Rodriguez idazleak, eta Mikel Ayerbe irakaslea, kaferako tartean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hamarkada luzez erbestean, uharte batean, bizi ondoren, etxera itzuli da poeta. Eta etxean ikusi dituen arazoak eta ahultasunak mahairatzeko prest dago: hemendik gatoz, hemen gaude... eta, gazteok,  norantz goaz?

Horrela laburbildu daiteke Joseba Sarrionandiak atzo Bilbon eman zuen udako ikastaroaren bukaerako hitzaldia. Bi egunez, aurreko ostegunean eta ostiralean, bere unibertso literarioa aztergai egon da EHUko udako ikastaroetan ‘Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaiera’ izenpean.

Ikastaroaren xede nagusia «Sarrionandiaren unibertso literarioaz hausnar egitea izan da, eta ikastaroan zehar, haren testuei buruz pentsamendua eraikitzea», antolatzaileetan esanetan. Horretarako unibertsitateko ikertzaileak, idazleak eta itzultzaileak bildu dira bi egunez Bilbon, sorkuntzaz gogoeta egiteko agora txiki bihurtutako Bizkaia Aretoko gela batean.

Biografiarekin bueltaka

Bizipenak eta lan literarioa erabat loturik daude Joseba Sarrionandian... edo, zehatzago esanda, bere lan literarioek jaso beharko luketen onespena baldintzatu du erabat bere ibilbide pertsonalak: ETAko kide ohia, 22 urte besterik ez zituenean espetxeratua, Martuteneko kartzelako 1985eko ihesaldi historikoko protagonistetako bat, klandestinitatean eman behar izandako hamarkada luzeak....

«Bizitza oso esanguratsua izan du eta horrek bere testuak ikertzerakoan eragina du. Izan biografiarekin enpatia dutelako, izan kontrakoagatik, bere biografia beti da aipagarri egin zaizkion kritiketan», Eider Rodriguez idazlearen esanetan.

Bernardo Atxaga, Manu Erzilla, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joxemari Iturralde idazleekin batera, euskal literaturari modernitatea ekarri zion Pott Banda gazte mugimendu literarioko kide izan zen. Haien lehen argitalpen apurtzaileetatik gaur egunera arte, ezin da euskal literaturari buruz mintzatu Joseba Sarrionandiaren ekarpena aipatu gabe. 1985etik 2021eko abuztura arte ihesean lehenik eta ezkutuan ondoren egon arren, idazle emankorrenetakoa izan da gure literaturan.

Generoei dagokionez, abaniko zabala landu du: poesia, saiakera, ipuingintza, nobela... Argitaratu dituen 30etik gora liburuen artean, antologiak barne, lan erreferentzialak: ‘Ni ez naiz hemengoa’ (1985), ‘Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak’ (1985), ‘Hnuy illa nyha majah yahoo’ (1995), Euskadi saria jaso zuen ‘Moroak gara behelaino artean?’ (2010) saiakera... zaila da oso bere unibertsoa laburbiltzea. Eta, bitxia bada ere, bi eleberri baino ez daude bere corpus aberatsean: ‘Lagun izoztua’ (2001) eta ‘Kolosala izango da’ (2003).

«Beste mundu bat badago»

Hain justu, iurretarraren lehen nobela, ‘Lagun izoztua’ izenekoa, Joseba Sarrionandiaren lan literarioaren «gailurtzat» jo zuen atzo Eider Rodriguezek Bilboko Bizkaia Aretoan eman zuen hitzaldian.

Bi Euskadi sariren irabazlea, horietako bat ‘Bihotz handiegia’ (2017) narrazio sorta apartarengatik, Eider Rodriguezek lehen eleberria kaleratu zuen iaz, ‘Eraikuntzarako materiala’ (2021). Bada, Rodriguezek 2013an aurkeztu zuen bere doktorego tesia, zeri eta ‘Lagun izoztua’ (2001) eleberriari buruzkoa hain justu.

Noski, errenteriarrak askoz lehenago egin zuen topo Sarrionandiaren obrarekin. Aurkikuntza bat izan zen. ‘Ni ez naiz hemengoa’ eskuartean izan zuen lehen unea gogora ekarri zuen atzo Rodriguezek, bertan ohartu zelako «euskaraz ere eman zitekeela mundu eder, zoro eta interesgarri horren berri. Hura irakurri arte ez nekien». Eta inpaktu handia egin zion «mundu domestiko hori erudizio horrekin nahasita» deskubritzea.

Goio, ‘Lagun izoztua’ nobelaren protagonista, ‘izoztuta’ geratu da erbestean; oroimena eta hitza galdu ditu. Eider Rodriguezek eleberrian aurkitu daitezkeen itsasoari buruzko erreferentziak ikertu zituen. Egia esan, itsasoari lotutako irudiek –hondartza, ontzia, marinela...– eta erreferentziek Sarrionandiaren liburu guztietan dute presentzia handia. Itsasoa militantzia, errebeldia izan daiteke, baina itsaso gehiago daude.

Literatura eta errebeldia

Memoria ariketa egin zuen atzo Sarrionandiak, seguruenik udako ikastaroko partaideen artean gazte asko zeudelako. Bere belaunaldiko beste asko bezala, frankismoak inposatutako «gizarte makineria ultranazionalista eta ultraerlijioso espainolaren aurka» oldartu zen, gogora ekarri zuenez: errebeldea izatea zen aukera bakarra, bai politikan, bai hizkuntzari dagokionez –aitortu zuenez 15 urte zituenean berreskuratu zuen euskara–, bai eta, nola ez, literaturan ere. «Literaturak heterodoxoa eta ludikoa behar zuelako izan». 

Aitorpen bat: «Askoz justuagoa izango litzateke orduko gertaerei buruz aritzean, ordukoa subjektu kolektibo bat izan zela esatea. Gure belaunaldiaren lana izan zen oso kolektiboa, eta nik uste dut pixka bat faltsifikatu egiten dela frankismoaren amaiera hartan gertatu zena, 70eko hamarkadan hasi ginelako idazten ehunka idazle».

‘Angustia’ hitza behin baino gehiagotan aipatu zuen iurretarrak. Mugitzeko akuilu moduan balio izango zion, agian. Gaztea zenean, euskaldun bezala, hiru ‘angustia’ zituela esan baitzuen. Haiek gainditzeko hasi zen literatura egiten: «Printzipalena zen ez geneukala hizkuntza literariorik. Gero angustia geografiko bat ere bazen, bertakoak eta unibertsalak izan nahi genuelako eta ez ginelako ez unibertsalak ezta lokalak ere. Gure herrian bertan arrotzak ginen! Eta hirugarren angustia bat modernotasunarena zen. Propaganda hegemoniko horretan, euskal gauza guztiak atzerakoiak zirelako, euskara atzerakoia eta mendiko hizkuntza zelako. Guk orduan jasotzen genuen propaganda frankista eta, bitxia da, oraingo komunikabideetan zabaltzen ari den irudia horixe bera da», ohartarazi zuen.

Errebeldia non dago?

Sarrionandiaren liburuak irakurtzean bezala, erreferentziez josita dago idazle iurretarraren argudio sorta mintzatzen denean ere. «Nire ustez, ezin da ulertu euskal literatura konprenitu gabe euskarazko idazketa literario komun bat sortu zela 70eko hamarkadan. Roland Barthesek deitzen duena ‘idazkeraren zero gradua’: hortik aurrera literatura egiten has daiteke», azaldu zuen.

Baina ‘zero gradu’ horretara iritsi ostean, dena lortu dugu? «Gure belaunaldiak sortutako hizkera literario horrek baditu ezaugarri batzuk oso bereziak. Alde batetik, oso kultua edo kultista da –euskaraz irakurtzeko unibertsitatetik pasa behar da–; oso gramatikala da, korrekzio ariketa itzela da, gramatikala eta formala, ikaragarria. Euskal literatura jende txintxoarena da». Baina, noski, bere ustez hutsune anitz gelditu dira agerian. Nabariena, literatura ‘enkistatuta’ gera daitekeela.

«Literaturaren izaeran bertan dago inkorrekzioa: literaturaren historian dena da inkorrekto», aipatu zuen. Esaterako, literatura unibertsaleko giltza eta eredu diren hainbat lan, James Joyceren ‘Ulises’ edo Miguel de Cervantesen ‘On Kixote Mantxakoa’ kasu, «irakurtezinak dira –bere hitzetan–. Gezurra da, dioten bezala, ‘Pott’ aldizkariak edo ‘Etiopia’ liburuak ospea lortu zutenik. Nire lehen liburua lagun guztiek esan zuten ea zein hizkuntzatan zegoen idatzita!».

Zein motako ahultasunak ikusi dizkio, itzultzean, gure eszena literarioaren bilakaerari? «Niretzat euskal literatura dago, Kavafisen olerkian bezala, Senatuan eta barbaroen zain, ea nork alda dezakeen edo beste erregistro batzuk sor ditzakeen zain. Jendea lotsatuta edo konplexuz betea bezala dago. Azken hamarkadotan euskal literaturara heldu diren barbaro bakarrak  izan dira emakumeak, bai lengoaiaren aldetik, bai edukiaren aldetik».

Egun, bere ustez, egiten den literatura «hiperkultista» eta «politikoki zuzena» da, «aspergarria» bihurtu arte. Dena den, zuzentasun politiko orokor hori, baita politikan ere, joera planetario baten ispilu da.

«Euskal literatura homologagarria da, sistema literario bat dugu, baina egiteko ditugu gauza pila bat». Beste erregistro batzuk jorratzearen alde dago: «Ez dut kritika bezala aipatzen. Migranteek, esaterako, euskararekiko dute beste harreman bat. Esperientzia hori islatzeko euskara ederrera itzulita badago, horrela azalduta, nik hori ikusten dut kontraesan bat bezala. Uste dut euskal literaturan erregistro sozial hori zabaldu eta ugaritu egin behar dela».