Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Urriaren 8ko Donostiako ekitaldian parte hartzeko deia egin diete nafarrei Sarek eta Etxeratek

Urriaren 8an Donostian egingo den manifestazioan eta ekitaldian parte hartzeko deia egin diete Nafarroako herritarrei Sarek eta Etxeratek. Egindakoa txalotu eta egin gabe dagoena aldarrikatuko dute. Nafarroako presoen artean, 18 Euskal Herrian daude, lau Estatu espainolean eta hiru frantsesean.

Sarek eta Etxeratek gaur Iruñean egin duten agerraldia.
Sarek eta Etxeratek gaur Iruñean egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urriaren 8an Donostian antolatu den manifestazioan eta ekitaldian parte hartzeko deia egin diete Sarek eta Etxeratek Nafarroako herritarrei. Iruñean egindako agerraldian Xochtil Karasatorrek eta Mikel Mundiñanok nabarmendu dutenez, ‘Etxera bidea gertu’ lelopean antolatuko diren ekitaldietan bi mezu nagusi helerazi nahi dituzte. «Batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu eta prest gaudela. Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu eta eskerrak eman bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrerako urrats hori ospatuz», azaldu dute.

Bestetik, «lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke dugula gogorazi hahi dugu eta herritarrok bide hori egiten jarraituko dugula erakutsi». Izan ere, eman dituzten datuen arabera, gerturatzeen ostean 18 dira Euskal Herriko espetxeetan dauden Nafarroako presoak. «Baina oraindik ere lau herrikide geratzen dira Espainiako espetxeetan eta beste hiru Frantzian».

«Esan bezala, lortutakoari inolako garrantzirik kendu gabe, bidea egiten jarraitu beharra dugu Nafarroan ere, Euskal Herriratzeak guztiz gauzatu eta presoei dagokien etxeratze prozesua gauzatu ahal izateko. Zentzu honetan, Iruñeko espetxean izan diren aldaketen ostean, EAEn moduan, bide hori gauzatzeko aukerak ahalbidetzea espero dugu», erantsi dute.

Bi mezu hauek heleraziz, Izan Bidea dinamikan 3.127,327 kilometro egiteko erronkari amaiera emango zaio urriaren 8an Donostian. Azkeneko kilometroak 11.00etan egingo dituzte Bulebarretik abiatuta Pio XII plazaraino. Ondoren, Ilunbera heltzeko manifestazio koloretsua egingo dute, jaialdiari paso emateko. Jaialdian txosnak, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea eta kontzertuak (Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari, Dupla, Andononi Oilokiegi, Trikidantz, ...) izango dira.

«Sarek urriaren 8an Donostian urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro batu nahi ditu. Hori hala, gaur Nafarroako Etxerateko eta Sareko kideok dei egiten diegu nafar herritarrei ere urriaren 8an Donostiara gerturatzeko, azken kilometroa egin, manifestazioan parte hartu eta Ilunbeko jaialdiaz gozatzeko», gaineratu dute.

Bidaia errazteko autobusak antolatu dira Iruñerrian, Tafallan, Lizarran eta Sakanan.