NAIZ

Bandera berria salbuespen-neurriei amaiera eman eta presoak etxeratzeko

Etxeratek eta Sarek iragarki berri bat estreinatu dute igande honetan, euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko sortu den banderatxoa zabaltzeko asmoz. Ikur berria eta gogo berrituak salbuespen-neurriei amaiera eman eta presoak etxera ekartzeko. NAIZ Dendan eskura daiteke.

«Hau izango da ikur berria, hemendik aurrera Euskal Herriko balkoietan egon behar dena». Hala dio Fermina Villanueva Etxerat elkarteko lehendakariak igande honetan aurkeztutako iragarkian, euskal presoen etxeratzea egia bihurtzeko ikur berria zabaltzea xede duena.

Bertan azaltzen denez, «hamarkadetan urrunduta, sakabanatuta, laberintoan biraka eduki dituzte euskal presoak», eta «Euskal Herriaren siluetari begira geziak marraztuz irudikatu genuen bidea duela 30 urte».

«Sorterrira itzulera aldarrikatu dugu astez aste, egunez egun, etxeko leihoetan ezarriz, kale eta plazetako elkarretaratzetan ateraz, preso bat kaleratu den bakoitzean erakutsiz. Gure aldarrikapenaren ikur izan da banderola», dio narratzaileak, eta bidea oraindik amaitu ez dela ohartarazten du.

«Gezien norabidea jarraituz Euskal Herrira ekarri baditugu, preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea dugu oraindik egiteko. Eta gogo berrituta ekingo diogu azken txanpari», azpimarratzen du.

Gogo berrituta eta logo berrituta. «Etxera ekartzeko zabaltzen den garai honetarako ikur berria dugu honako hau», dio iragarkian Maider Galardi kazetariak.

Bideoan agertzen da ere Laura Re Lozano streamerra. Bere esanetan, «35 urte ondoren presoak Euskal Herrian daude Euskal gizarteari esker, bada garaia etxera ekartzeko». «Etxera bidea gertu, etxerako bidean oztoporik ez», laburbiltzen du Axi Muniain surflariak.

Banderola NAIZ Dendan eskura daiteke.