NAIZ

Alaves eta Atletico Madrilen arteko partida Mendizorrotzan jokatuko da

Historian hirugarren aldiz, Alaveseko emakumezkoen taldeak Mendizorrotzan jokatuko du. Oraingo honetan, Atletico Madril izango du arerio, ligako 23. jardunaldian. Martxoaren 26an jokatuko da norgehiagoka, eguerdiko 12.00etan.

Ohale eta Viola Calligaris baloiaren atzetik, Mendizorrotzan jokaturiko azken partidan.
Ohale eta Viola Calligaris baloiaren atzetik, Mendizorrotzan jokaturiko azken partidan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Liga F txapelketako Alaves eta Atletico Madrilen arteko norgehiagoka Mendizorrotzak jasoko du, klub babazorroak ospatuko duen "Gloriosas Astea" ekimenaren barnean. Martxoaren 26an, eguerdiko 12.00etan, jokatuko da ligako 23. jardunaldiko partida hau.

Historian, laugarren aldiz jasoko du Gasteizko estadio honek emakumezkoen futboleko partida bat. Lehendabiziko aldiz duela lau urte izan zen, martxoaren 31n, oraindik taldea Bigarren Mailan zegoela, Athleticeko bigarren taldearen aurka. Orduan, 8.000 ikusle batu ziren.

Horren ostean, Levanteren aurkako dema iritsi zen, jada gorengo mailan. 2021eko abenduaren 19an jokatu zen eta ikusle aldetik ez ziren aurreikuspenak bete.

15 hilabete beranduago, Alavesek Mendizorrotzan jokatuko dute baina tartean beste norgehiagoka bat ere jaso zuen, Euskal Selekzioa eta Txileren artekoa, hain zuzen ere. Honek ere, ikusle aldetik ez zituen aurreikuspenak bete: 2.500 ikusle soilik batu ziren harmailetan. Azken orduko iragarpenak eta astean zehar jokatzeak ez zuten lagundu.

Oraingo honetan ere –pasa den denboraldian egin legez–, aipatu "Gloriosas Astea" ekimenaren barnean sartuko da partida. Ekintza desberdinak antolatuko ditu klubak, emakumezko taldearen egunerokotasuna eta honen historia zaleengana hurbildu asmoz.