NAIZ

Euskal taldeek lehen dominak kolkoratu dituzte Belfasteko Sokatirako Munduko Txapelketan

Abadiñok urrea bereganatu du 23 urtez azpiko maila mistoan; bigarren izan da Berriozar eta hirugarren Antsoain. Emakumezkoen 500 kiloko mailan, Beti Gazterentzat izan da zilarra eta Ibarrarentzat brontzea.

Abadiñoko talde mistoa osatzen duten kirolariak, pozarren.
Abadiñoko talde mistoa osatzen duten kirolariak, pozarren. (ABADIÑO SOKATIRA TALDEA)

Albiste bikainak datozkigu Belfastetik (Ipar Irlanda). Bertan ari dira jokatzen Munduko Sokatira Txapelketa, tartean zenbait euskal talde daudela, eta lehen dominak kolkoratu dituzte Euskal Herritik abiatutako kirolariek.

Urrezko domina bat irabazi du Abadiñoko talde mistoak (lau neska eta lau mutil). 23 urtez azpiko mailan eta 560 kilora arteko pisuan izan da. Berriozarren kontra lehiatu dute finala eta Antsoainek hirugarren amaitu du. Parte hartu duten lau taldeak euskaldunak izan dira.

Goizean, Abadiñoko nesken taldeak 500 kilora artekoan parte hartu eta zortzigarren amaitu du. Arratsaldean, mutilak 600 kilora artekoan ibiliko dira. Ostegun goizean, 23 urtez azpikoek tiraldi gehiago izango dituzte; arratsaldean senior mailako talde mistoak izango ditu tiraldiak, besteak beste.

Bestalde, ongi abiatu du ere Munduko Sokatira Txapelketa Lesakako Beti Gaztek. Izan ere, emakumeen 500 kiloko taldeak lehen domina irabazi du Ipar Irlandako Parkgate herrian, zilarrezkoa, finala galdu baitu Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dei taldearen kontra.

Finalerdian, lehen fasean hirugarren izan den Ibarra menperatu behar izan du Beti Gaztek finalean sartzeko eta lehen fase horretan laugarren gelditu den Txinako China Ansteel taldeari irabazi dio Jingmei taldeak.

Lehen fasean tiraldi bana irabazia zuten, eta final gogorra izanen zela aurreikusia zen. Baina finalean bi tiraldi gogorrak irabazi dituzte Txina Taipeikoek eta honela, lehen domina lortu dute Beti Gazteko emakumeek munduko txapelketan. Halere, txapeldunei tiraldi bat irabaztea lortu duten bakarrak izan dira.

Brontzezko dominarako borrokan Ibarrak Txinako taldeari irabazi dio; beraz, bi euskal talde igo dira podiumera, Txina Taipeikoaren atzetik.