Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Indar harremana da, ergela

Baionan ostegun honetan (martxoaren 23) hartutako irudia. Erretreten sistemaren erreformaren kontrako protesta.
Baionan ostegun honetan (martxoaren 23) hartutako irudia. Erretreten sistemaren erreformaren kontrako protesta. (Patxi BELTZAIZ )

«Ekonomia, inozoa» izan zen lehenik ahapeka eta gero bolo-bolo Ameriketako Estatu Batuetan 1992ko hauteskunde kanpainan Bill Clinton hautagaiaren taldeak zabaldu zuen esaldia –«ekonomia da, inozoa» bihurtu zena–, eta orduz geroztik hamaika bertsio izan ditu. Azken boladakoa «inflazioa da, ergela» izan zitekeen, adibide bat jartzearren. James Carvillek, Bill Clintonen hauteskunde-kanpainako estrategak, bota zuen lehenik. Edo, zehatzago esanda, idatzi zuen lehenik. Carvillek kartel bat itsatsi zuen demokraten kanpaina bulego nagusietan. Hiru esaldi jasotzen zituen afixa hark, bulego haietan elkartzen ziren guztien buruan iltzatzeko, eta «Ekonomia, inozoa» izan zen esaldi horietako bat, «Aldaketa vs gauza bera» eta «Ez ahaztu osasun sistema» beste biekin batera. Esan bezala, erabileraren poderioz, irizpide bat markatu nahi zuen barne mailako afixa izatetik lema ez-ofizial gisa zabaltzera pasatu zen, «da» aditza jarriz egindako moldaketarekin, eta orduz geroztik makina bat aldiz erabili izan den formula sortu zuten Clintondarrek.

Zein den gakoa zehazteko eta argiki ulertarazteko formula da, hain zuzen ere. Une jakin bati edo prozesu historiko bati begiratzeko modu deigarria, eraginkorra, zuzen-zuzena.

Zein da, horrenbestez, gaur egungo gako nagusia? Edo gako nagusietako bat, azterketa pretentziosoegia izan ez dadin. Statu quoari eusteko –askotan atzerapausoak eraginez– edo aldaketa aurrerakoiak –zer esanik ez, iraultzaileak– erdiesteko aldagaia indar harremana dugu, eta azken asteotan nonahi dakuskigu horren adibideak.

Zer da, bada, Estatu frantsesean erretreten erreformarekin gertatzen ari dena? Macronek Parlamentuan eta, are eta askoz ere gehiago, kalean kontrakotasunarekin egin du topo. Asaldatuta dabil herri langilea. Norgehiagokan, Macron sistemak eskaintzen dizkion baliabide tranpatienak ere erabiltzen ari da; esaterako, erretreta erreforma dekretuz onartuz, bozen beharrik izan gabe. Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulu famatua. Ozta-ozta bada ere, ondotik etorri den zentsura-mozioa salbatu du Borne lehen ministroak. Bistan denez, Parlamentuan kalean baino indar harreman hobea du Macronek. Hobea, baino ez ona, ezta gutxiagorik ere. Ez du inondik inora bere lehen agintaldian izan zuen nagusitasuna. 2022ko legebiltzarreko hauteskundeek ez zioten Asanblea Nazionalean orain dabilen moduan ibiltzeko emaitzarik eman.

Oraingoz, antza, Macronek erreforma dagoen horretan azken bururaino eramatea lortuko du. Macronismoaren azken ‘garaipena’ izan daiteke, ordea

Indar harremanak ebazten duena modu ‘zibilizatuan’, elkarrizketaren eta akordioaren bidez, edo modu gatazkatsuan kudea daiteke, askotan bi estadio horietatik igaro behar bada ere. Gatazka da oraintxe nagusi Estatu frantsesean, greba deialdietan egiaztatu ahal izan dugunez.

Oraingoz, Errepublikako presidenteak aurrera egin du eta urte amaierarako erreforma indarrean izatea espero du, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren zain. Beraz, bidea egiteko nahikoa indar harreman zuela pentsatu izan du beti. Protesta mugimenduak erreformari aurre egiteko aski indar pilatuko ote duen oraintxe ezin da jakin, borroka irmoa eta masiboa bada ere. Oraingoz, antza, Macronek erreforma dagoen horretan azken bururaino eramatea lortuko du. Macronismoaren azken ‘garaipena’ izan daiteke, ordea. •