Manex Altuna

Muniainen itzulera, bost denboraldi galdu gabe daramatzan Vila-realen zelaian

Iker Muniainek taldekideekin batera egin du entrenamenduaren zati bat Lezaman, baina atzeko lerroa osatzeko arazoak dauzka Valverdek. Vivian zigorturik dago eta Iñigo Martinezek eta Yerayk ezin izan dute azken partidetan parte hartu lesionaturik egon direlako.

Muniain Vila-realen aurka jokatzeko prest egon daiteke.
Muniain Vila-realen aurka jokatzeko prest egon daiteke. (@AthleticClub)

Azken jardunaldietan jasotako emaitza kaxkarren ondoren, Athleticek min hartuta dauzkan jokalariak berreskuratu beharra dauka ligako azken txanpari ekiteko. Iker Muniain jokatu ezinik egon da azken lau partidetan giharretako lesio baten ondorioz, baina taldekideekin batera entrenatzen hasi da dagoeneko Lezaman.

Badirudi larunbatean Vila-realen zelaian jokatzeko moduan egon daitekeela kapitaina. Erasoko jokoari aukera gehiago emateko beharrezkoa da Muniain taldearentzat. Athleticek puntu premia dauka Europako lehian Conference League txapelketa jokatzea ahalbidetzen duen zazpigarren postua eskuratzeko. Vila-real bosgarren postuan dago eta aurkari sendoa dela erakutsi du. Quique Setienek zuzentzen duen taldeak gorabehera ezberdinak gainditu ditu denboraldian zehar, baina indartsu iritsi dela azken jardunaldietara ematen du.

Athleticek bost denboraldi daramatza Vila-realen zelaian galdu gabe. Lau berdinketa eskuratu ditu azken lau bisitetan eta garaipena erdietsi zuen Zigandarekin 2018an (1-3). Muniainen itzuleraren partida izan zen eta azken gola egin zuen kapitainak. Sei hilabete jokatu gabe egon zen, belauna bigarren aldiz hautsi ondoren.

Vivian zigorturik dagoe eta ezin izango du Vila-realen zelaian jokatu. (@AthleticClub)
Vivian zigorturik dagoe eta ezin izango du Vila-realen zelaian jokatu. (@AthleticClub)

Valverderen arazo nagusia atzeko lerroa osatzea izango da. Vivian zigorturik dago, txartel gorria ikusi zuen Betisen kontrakoan. Iñigo Martinezek azken hiru partidak galdu ditu lesionaturik dagoelako eta Yerayk ezin izan zuen Betisen aurka jokatu pubalgia daukalako. Asteko lehen bi entrenamenduetan ez dute parte hartu eta ikusteke dago larunbaterako prest egon daitezkeen.

Beste hainbat jokalari ere arazo ezberdinekin daude, baina ez dirudi ezer larria denik. Herrerak, De Marcosek, Vesgak eta Nico Williamsek ere ez dute gainontzeko taldekideekin batera entrenatu.

Unai Gomez erdilariak eta Malcom Adu Aresek lehen taldearekin entrenatu dute. Igandean Bilbao Athleticekin jokatu zuten eta 1-0 galdu zuten Cornella taldearen zelaian. Basconiak ere agur esan dio denboraldiari igoera faseko bigarren partida galdu ostean. Gurpegik zuzentzen duen taldeak 1 eta 0 irabazi zuen joanekoan, baina 2 eta 0 galdu zuten Leioan. Matheusek penalti bat huts egin zuen lehen zatiaren amaieran eta atsedenaldira berdinketarekin joan ziren. Basconiak ez zeukan maila igotzeko aukerarik Bilbao Athletic jaitsi egin baita.

Gazte mailako Txapeldunen Kopa

Athleticek Bartzelonaren aurka neurtuko ditu indarrak Lezaman asteazken arratsaldean Lezaman. 18.00etatik aurrera jokatuko da Txapeldunen Kopako final laurdenetako lehen partida eta klub zuri-gorriak bere youtube kanalean ikusteko aukera eskainiko du. Iaz finala jokatu zuen talde zuri-gorriak.

Bittor Llopisek zuzentzen duen taldeak liga irabazi du Gazte mailan aurten. Aldi berean, Kopako finalerdietara iritsi zen, baina ezin izan zuen Real Madril gainditu. 2005 eta 2006ko jokalariekin osatutako taldea da. Aimar Vicandi (20 gol) eta Txus Vizcay (23 gol) erasoko jokalariak izan dira golegile nagusiak. Zelai erdian aritu diren Peio Canalesek, David Arredondok eta Gaizka Alboniga-Menorrek eta hegalean jokatzen duen Aingeru Olabarrietak ere nabarmentzeko denboraldia egin dute, Mikel Santos atezainarekin batera. Peio Huestamendia lesionatu egin da eta ezin izango du jokatu.