NAIZ

Aizkorriko aizkoraren erreplika, sari berri eta «berezia» Zegama-Aizkorriko irabazlearentzat

22. edizioa izango du aurten Zegama-Aizkorri lasterketa entzutetsuak eta berritasun nabari batekin dator: saria. Ohiko txapelaz gain, Aizkorri tontorrean dagoen aizkora formako postontziaren erreplika jasoko du irabazleak, edizio guztietako irabazleen izenak inskribatuta.

Aizkorri tontorreko aizkora.
Aizkorri tontorreko aizkora. (NAIZ)

Berritasun gutxi izango du aurten Zegama-Aizkorri mendi lasterketak, txapelketa berak bere osagai guztiekin baita berezi urtez urte. Pandemiak 2020an harrapatu gintuenean, bertan behera geratu zen urte horretako edizioa, bai eta hurrengo urtekoa ere, berme guztiekin antolatzeko zailtasunak baitzeuden.

“Zeinen ederra izango den” dio Zetak taldearen abestiak eta, hain zuzen ere, Zegama-Aizkorriren itzulera sekulakoa izan zen, eguraldiak lagun.

Aurtengoa ere handia izango da; nahiz eta eguraldi kaskarra dagoen aurreikusita, inoizko irekiena izango delako eta irabazleak oroigarri berezi bat eramango duelako: Aizkorri tontorreko aizkora formako postontziaren erreplika, alegia. Euskal Herriko tontor ezberdinetan dauden aizkora horiek istorio anitz gorde dituzte azken urteetan eta beraz, sinbolismo handiko saria da.

«1971n, Oñatiko Aloña Mendi Elkarteak, beste euskal klub batzuen arrastoari jarraituz, aizkora itxurako postontzi bat jarri zuen Aizkorriko tontorrean», kontatzen du antolakuntzak bidaliko prentsa oharrak.

«Kondairak dioenez, Aizkorrin eta Euskal Herriko beste hainbat menditan jarritako postontzia "notario gisa" aritzen zen gailurrean zeuden pertsonen artean, eta txartela uzten zuten igoeraren testigantza sinbolikoa emateko», azaltzen du.

Aurten, ohiko txapelarekin batera, Zegama-Aizkorriko irabazleek aizkora horren erreplika pertsonalizatua jasoko dute, probako irabazle guztien izenak inprimatuta eta egun berean 2023ko edizioko txapeldunena inskribatuta.