NAIZ

Jagoba Arrasate: «Zazpigarren postu honi nola edo hala eutsi behar diogu»

Athleticen aurkako derbian aritu zirenetatik Ante Budimir izango da jokatzerik izango ez duen bakarra, txartel pilaketa dela-eta. Azken jardunaldira Osasunaren beraren «emaitzen menpe» lotu nahi du talde gorritxoak zazpigarren lekua, Getaferen puntu behar gorria gaindituz igande arratsaldean.

Lucas Torro, Osasuna zazpigarren postura igotzea erraztu duenetako bat.
Lucas Torro, Osasuna zazpigarren postura igotzea erraztu duenetako bat. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Igande arratsalde honetan, 19.00etan, Getaferen zelaian jokatu behar du Osasunak. Jagoba Arrasateren aginduetara, talde gorritxoak azken jardunaldian zazpigarren postua eskuratu zuen Athletic merezita gainditu ostean. Ondorioz, zazpigarren postu horri; hau da, Europako atea irekiko lukeen postu horri, «nola edo hala» eusteko ordua dela iritzi dio Berriatuko entrenatzaileak partida bezperako prentsaurrekoan.

«Egoera animikoa oso ona da, eta fisikoari dagokionez, hor gaude. Fisikoki errekuperatzen saiatzeko eguna da. Hasiera batean gutxi gorabehera nekatuta egon gaitezke, baina igandean jokatzeko prest izango dira dira», ziurtatu du teknikari bizkaitarrak.

Deialdiaren inguruko pistarik edo zertzeladarik ez du eman Jagoba Arrasatek. Hala, 21 jokalari jokatzeko prest ditu; Juan Cruz hegalekoa izango litzateke balizko deialdi horretako berritasun nagusia eta aldiz, bost txartel hori ikusi dituenez, partida bateko zigorra bete beharko duen Ante Budimir izango da Sadarreko derbiaz alderatuz Osasunak nahitaez egin beharreko aldaketa bakarra.

Liga txapelketa amaitzeko bi jardunaldi baino ez dira geratzen. Ekainaren 4an Gironaren aurka etxean amaituko dute gorritxoek 2022/23 denboraldia, eta azken igande horretara zazpigarren postua lortzeko helburua bere emaitzen arabera betetzea nahi luke talde nafarrak.

«Zazpigarren izateak balio handia du, baina plaza horri eustea zaila izango da», azpimarratu du Jagoba Arrasatek. «Azken jardunaldira besteren emaitzen menpe baino, gure emaitzei bakarrik begira iristea nahi dugu», ondorioztatu du.

Horrek esan nahi du Getaferen aurka ahalik eta emaitzarik onena lortzeko jarrerarekin zelairatuko dela Osasuna. Gogoan izan behar da Jose Bordalasek zuzentzen duen taldea sailkapeneko hamaseigarren postuan dagoela, 38 punturekin, hamazortzigarren, jaitsiera postuan dagoen Valladolidekin berdinduta.

Osasunaren aurkariak behar gorria dauka garaipena lortu eta jaitsierako mamuak uxatzeko. Hori dena kontuan hartuta ere, aurrerantz egiteko unea dela deritzo Jagoba Arrasatek, nekea neke eta aurkaria aurkari.

«Arriskatzeko unea da, baina  jokalariren bat %50ean badago, hobe da beste bat jartzea. Hori aztertzen ari gara, ea jendea nola dagoen; horren arabera aldaketaren bat egongo da», gaineratu du Berriatukoak litezkeen txandakatzeei buruz.

Bestalde, Aimar Orozen maila bikainari buruz galdetu diote ere kazetariek Osasunako entrenatzaileari. Aratzuriko erdilariak «hainbat erregistro eta partida motatan jokatzeko gai dela erakutsi» duela erantzun du Arrasatek. «Athleticen aurkako bezalako partidetan nabarmendu daiteke, bai, baina testuinguru itxiagoetan ere bai, nahiz eta protagonismo gutxiago izan, jokalari oso azkarra baita», erantsi du.