NAIZ

Hitzordua Donostiako Bulebarrean «bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde»

Donostia Defendatuz kalera aterako da larunbatean «egungo hiri-eredua gutxiengo baten onurara bideratuta» dagoela salatzeko. «Herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde egiten dugu, eta ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari dena, asko baitugu jokoan».

Donostian egindako agerraldiaren argazkia.
Donostian egindako agerraldiaren argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostia Defendatuz koordinadora osatzen duten eragileak Bulebarrean izango dira datorren larunbatean, apirilaren 27an, «egungo hiri-eredua gutxiengo baten onurara bideratuta» dagoela salatzeko, izan ere «gehiengoaren bizi-baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan».

«Herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde egiten dugu, eta ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari dena, asko baitugu jokoan», nabarmendu dute asteazken honetan zabaldutako manifestuan.

Azaldu dutenez, «espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko Udal Gobernuaren erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean».

«Politika horien ondorioak gero eta larriagoak dira eta donostiar gehienek jasaten dituzte egunez egun. Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da», gaineratu dute, «donostiarron beharrekin zerikusirik ez duten hainbat proiektu eta operazio urbanistiko bultzatzen eta inposatzen ari direla» salatuz.

Egoera honen adibideak

Hala, Basque Culinary Centerren bigarren eraikina eraikitzen hastea kritikatu dute, baita San Bartolome muinoan merkatal-gune erraldoia jartzeko proiektua ere. Era beran, eraikin historiko esanguratsu eta bereizgarria babesik gabe uztea eta eraistearen aurka agertu dira.

Etxebizitzari dagokionez, Donostia gune tentsionatu izendatzeko urratsik ez ematea salatu dute, baita «etxebizitza berrien eraikuntza sustatzean alokairu sozialaren eskaintza legezko gutxienekoetara mugatzea eta etxebizitza espekulatiboari lehentasuna ematea».

Altzako Auditz-Akular inguruko muino eta ibarbide naturalak 3.000 etxebizitza baino gehiagotarako lurzoru urbanizagarri gisa mantentzea gaitzetsi dute, «garapen iraunkorreko irizpide guztien aurka jardunez, eta gizarte eta lurralde aldetik orekatua den hirigintzaren aurka».

Baita ere «Otis multinazionalak Herreran dituen lurrak 400 etxebizitza baino gehiagotarako eremu urbanizagarri bihurtzeko asmoa, enpresaren interes ekonomiko hutsei erantzunez. Horrela, Altzako lanpostuen desertizazioa burura eraman eta auzoarentzako espazio librea lortzeko azken aukera galtzen da».

Halaber, alokairu turistikoko pisuen «erregulazio ez-eraginkorra eta ikuskapenik eza» eta hotelen irekieraren sustapen neurrigabea kritikatu, eta «Igeldon Xabi Alonsoren txaletaren kasuan trikimailu legalen bidez arauak hautsi dituen aldearekin Udala aktiboki» lerrokatu dela ohartarazi dute.

Ostalaritzak eremu publikoa era «zentzugabean» okupatu eta pribatizatzearen kontra agertu dira, eta Donostiako hirigintza berrantolatu behar duen Plan Orokor berria «arrazoirik gabe atzeratzea» gaitzetsi dute, Metro-pasantearen proiektua eta hondakinen «kudeaketa txarra» deitoratuz.

«Arazo orokor eta endemikoa»

«Donostia Defendatuzentzat, jarduera horiek guztiak Udal Gobernuaren politika etengabearen erakusgarri dira. Alegia, ez dira arazo puntualak, hirian dugun arazo orokor eta endemiko baten ondorio eta adibide, baizik. Aurrekontu publikoa eta udal erakundeak interes ekonomiko partikularren alde jartzen dira sistematikoki, eta horrek erakusten du Donostia modu arriskutsu eta atzeraezinean saldu nahi dutela», azpimarratu dute.

Larunbatean kaleak hartuko dituzte dira hori guztia salatzeko. Mahi-inguruak izango dira Bulebarrean, eta bertso saioak eta kontzertuak ere. Amaitzeko «kalejira aldarrikatzailea» egingo dute, 20.00etan hasiko dena.