NAIZ
Usurbil

Usurbil eta Astigarragako udaltzainak hautatzeko prozesuak auzitan, euskara eskakizunagatik

Udaltzainek herritarrekin eta udalekin behar bezala komunikatu ahal izateko, Usurbilgo eta Astigarragako udalek beharrezkoa ikusten dute euskarazko 3. hezkuntza eskakizuna zehaztea hautaketa prozesuetan. «Beldurra sortzeko» diren helegiteak jaso dituzte eta erantzuna aurkeztu dute.

Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Urdangarin, Usurbilgo eta Astigarragako alkateak, Martin Aramendi UEMAko lehendakariarekin batera.
Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Urdangarin, Usurbilgo eta Astigarragako alkateak, Martin Aramendi UEMAko lehendakariarekin batera. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna zehazteagatik helegiteak jaso dituzte Usurbilgo eta Astigarragako udalek. Hauek, UEMArekin batera, errekurtsoen helburua gainerako udalek bide bera hartu ez dezaten «beldurra sortzea» dela salatu dute eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan «atzera egingo» ez dutela argi utzi dute.

Hala adierazi dute asteazken honetan Usurbilen egindako agerraldian. Bertan, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea eta Astigarragako bere homologoa, Xabier Urdangarin, izan dira, Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkatearekin batera.

«Euskararen aurkako oldarraldi» honek «etenik ez» duela adierazi du Agurtzane Solaberrietak. «Zenbait udalerri euskaldun helegiteak jasotzen ari dira azken asteotan, lanpostu batzuei zehaztu diegun hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa dela iritzita», azaldu du.

Xabier Urdangarinek, bestalde, helegiteen nondik norakoak eta bi udalek horiei emandako erantzunen berri eman du. Esan duenez, helegiteak jarri dituztenen arabera, 2. hizkuntza eskakizuna nahikoa da udaltzain postu horietarako. Horrekin «inolaz ere» ez dutela bat egiten adierazi du, izan ere, «ez baita horrela, udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskarazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herriktarrekin hitz egiteko 2. hezkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala».

«Udalei dagokigu herritarrekin harremana izango duten udal langileei dagokien hizkuntza profila zehaztea, eta argi dago udaltzainek ongi moldatu behar dutela euskaraz. Ez ahoz bakarrik. Udaletan sortzen diren idatziak eta dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ere badute herritarrek, eta horretarako gai ez diren udaltzainak hartuz gero, hasieratik jardungo ginateke herritarren eskubideak urratzen», gaineratu du.

Hortaz, helegiteei erantzunak aurkeztu dituzte bi udalek, «legeetan oinarritutako argudio sendoekin». Solaberrietak adierazi duenez, «udalek legeak ematen dizkien beharrezko eskumenak dituzte nahi izanez gero herritarrekin harreman zuzena izango duten udaltzainei 3. hizkuntza eskakizuna eskatzeko. Beraz, bere horretan eutsiko diogu eskakizun horri».

UEMAren deia gainerako udalei

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak azken hilabeteotan zentzu honetan aurkeztutako beste helegiteak izan ditu hizpide. «Hau norbaitek nonbait erabakitako zerbait da. Ez da kasualitatea udalerri euskaldunak izatea orain helegite hauek jasotzen hasi direnak. Euskararen biziberritzeak motelaldia bizi du udalerri euskaldunenetan ere, azken datuek eta ikerketek erakutsi duten bezala», adierazi du.

Horren aurrean, erakunde publikoak «eredu» izan behar dutela defendatu du. Horretarako, «ezinbestekoa da erabaki ausartak hartzea, gurea defendatzeko eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko».

UEMAren izenean gainerako udalerri euskaldun guztiei ere dei egin die Aramendik, «herritarrekin aritu behar duten udaltzainen kasuan 3. hizkuntza eskakizuna zehaztu dezaten hautaketa prozesuetan, hori baita euskaraz lasai aritzeko bermea. Gaur Usurbilek eta Astigarragak bezala, gure babesa izango dute bide horretan».