
Kirolean «errebantxa» berba sarri erabili ohi da, hamarretik bederatzitan gaizki edo alferrik. Edo biak. 2021ean, artean kantxetara ikuslerik sartzerik ez zegoen garai ilun hartan, Jokin Altunak eta Iñaki Artolak Buruz Buruko finala jokatu behar zuten; bi lagun handiren arteko finala, pilota munduak egun duen txapeldun handiena eta historiako handienetako bat alde batetik, eta, bestetik, bere kirol bizitza lesioek, konfiantza faltak eta kirol bizitza «bai, baina ez» etengabe batek zeharkatu duen Iñaki Artola. Baina orduan ere lesio batek finaletik kanpo laga zuen Alegiako aurrelaria.
Beñat Rezusta ezker bergararrari irabazi zion Altuna III.ak 2021eko final hura, ondo irabazitako finala, Buruz Buruko oso duina egin zuen Rezustaren aurka. Baina ez zen gauza bera. Artolak behar zuen final hartan praka zuriak jantzita; bere kirol bizitzako goren mailako aurreneko final nagusia izango zatekeen, gainera, baina zorigaitza berriz ere Alegiakoari segika. Izango al zuen beste aukerarik inoiz?
Aurtengo Binakakoan hautsi du Artolak txapelketa handietako finaletatik at lagatzen zuen «madarikazioa», txapelik lortu ez badu ere. Eta Buruz Burukoan, berriz, aurkarien eta bere esperientzia txarren zama gainetik kendu ahal izan du eta, hara hor, Alegiakoa Buruz Buruko finalerako sailkatu da. 2021ean bezala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan Jokin Altuna izango du aurrez aurre... Artolaren pozerako.
«Egia esan, pixka bat sentitzen nuen berriz, gertu banenbilen edo iristen banintzen, Jokin ere urruti ez zela izango, eta hala gertatu da», onartu zuen Artolak berak NAIZ Irratian Ion Garateri eskainitako elkarrizketan.
Gezurra badirudi ere, duela 11 urte debuta egin zuten Artolak eta Altunak, eta ia umetatik Amezketakoak eta Alegiakoak zituzten «derbi» horiek Buruz Buruko finalean izango dute gailurra, duela lau urte jokatu ez zen final haren «errebantxa». Honenbestez, esan liteke Artola txapelduna badela dagoeneko?
«Finalean Jokin on bat kontra edukiko dudala dudarik ez dut; ea nire kasuan ere berdina den. Nire aukeretan sinistu, nire buruan zentratu eta onena ateratzen baldin badut, badakit aukerak izango ditudala», esana du Alegiakoak.

Faboritoa? Bai, eta zer?
Artolak badu lana emozioak kudeatzen. Altunak, irabazi zein galdu, finalak barra-barra jokatu ditu 11 urte hauetan, eta ez da alferrik egungo Buruz Buruko txapelduna. Hargatik, Buruz Burukoan behetik gora egin duen amezketarrak bere burua faborito ikusten du, baina ez du horregatik bururik galduko.
«Buruz Buruko partida gehienetan faborito ateratzen naiz, gauzak orain arte nahiko ondo egin ditudalako, baina ez ditut partida horiek guztiak irabazi», ohartarazi zuen Amezketakoak pilota aukeraketa egunean.
Ez du ere bururik galduko, umetako lagun handi baten kontra jokatu behar duela-eta denboraldiko txapelik preziatuena. «Orain dela lau urte ezin izan genuen jokatu Iñakiri gertatu zitzaion desgraziagatik. Alde horretatik, pozik. Irabazteko aukerak baditu. Ni berriz hor nago, eta topera saiatuko gara borrokatzen. Iñakiren kontra partida garrantzitsu asko jokatzen ohituta nago. Ez da oso desberdina izango», iritzi zion NAIZ Irratian.
«Derbi» txiki bat izango da, ia bizilagunak baitira Altuna eta Artola. «Amezketarrek eta alegiarrek berezi biziko dute finala», onartu zuen egungo txapeldunak, baina bere jomuga partidaren giroaz harago doa. «Disfruta dezatela beraiek, eta gu partidan disfrutatzen saiatuko gara. Guretzat ez da festa egun bat; guretzat urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko egun bat da, eta topera joan beharra dugu», adierazi zuen.
Txapa airera botatzea eta finalaz gozatzea besterik ez da falta. Txapela bakarrak jantziko du, baina Buruz Buruko honek errebantxa eta pilotaren garaipena berarekin dakartza.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
