
Zierbenako Udalak alegazioak aurkeztu ditu Solariaren proiektu elektrikoaren aurka, sortuko dituen lege, hirigintza eta ingurumen arloko afekzioak direla eta. Udalak berak ohar baten bidez zehaztu duenez, alegazio dokumentu bat aurkeztu du Solaria Energia Sorkuntza SL enpresak sustatutako ebakuazio elektrikorako azpiegituraren proiektua ebaluatzeko prozeduraren barruan, Zierbena Solar 2, 3 eta 4 izeneko eguzki instalazioekin lotuta.
Halaber, Zierbenako Udalak azpimarratu du proiektua planteatuta dagoen bezala garatzearen aurka dagoela, «indarrean dagoen araudia urratzen duelako, kalte egiten dielako udalerriari eta inguruneari, eta zatika diseinatu delako, lege kontrolak saihesteko helburuarekin».
Udalak proiektua 50 MW-tik beherako hiru instalaziotan banatu dela salatu du, eta horrek Lakuako Gobernuan izapetzea ahalbidetu duela. Hala ere, instalazio guztiek ebakuazio azpiegitura bera dute –400 kV-ko azpiestazioa barne–, eta horrek agerian uzten du jarduketa bateratu bakarra dela, Udalaren aburuz.
Udalaren ustez, nahita egindako zatikatze horrekin, elektrizitateari buruzko legerian aurreikusitako Estatuko baimen prozedura saihestea bilatu du enpresak. «Horrela, proiektuaren batasunaren printzipioa urratzen da, eta horrek lege iruzurra dakar, bai aurkezteko moduan, bai espedientea izapidetzean», Udalak salatu duenez.
Hirigintza estaldurarik eza eta ingurumen gabeziak
Proiektuaren trazadurak udalerri barruko 182 lurzatiri eragiten diela azaldu du Udalak, nekazaritza erabilerako eremuak, bide publikoak eta La Cuesta eta Kardeo auzoetatik gertu dauden guneak barne.
Horrez gain, azpiegiturak urbanizaezin edo babes bereziko gisa sailkatutako lurzoruetan kokatu nahi dituztela azaldu dute, eta ez dagoela horien ezarpena babesten duen hirigintza tresnarik: «Ez da izapidetu, ezta aurreikusi ere, horrelako garapenak gaitzen dituen plan berezirik, araudiak eskatzen duen bezala».
Era berean, ingurumen inpaktuaren azterketak «gabezia handiak» dituela nabarmendu du Udalak. «Besteak beste, ez du trazadura alternatiba bideragarririk aurreikusten, ez du ikusmen eta paisaia inpaktuaren azterketa zorrotzik egiten, eta ez du behar bezala ebaluatzen habitat babestuen, Erabilera Publikoko Mendien eta Red Natura 2000 sarean sartutako espazioen gaineko eragina», ohartarazi du Udalak.
Energia berriztagarrien alde
Eugenio Mendikote Zierbenako alkateak adierazi du energia berriztagarrien alde daudela, baina ez dutela onartuko «ez inposatutako proiekturik, ez legearen kontrola saihesteko diseinatutako proiekturik, ez eta gure lurraldeari zuzenean eragiten dioten proiekturik, plangintza egokirik eta herritarrentzako bermerik gabe egindakoak badira».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

