
Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako artzain, erlezain, frutazain eta baratzezainak bildu dira ostegun honetan Doneztebeko Garbaraialde Gelan, beren produktu goxo eta freskoak mahai gainean jarrita, baita etxeetan ekoizten dena ezagutzeko asmoz prestatu dituzten saskietan ere. Guztien izenean, Haizea Belarra erlezainak eta Maialen Txantre baratzezainak hartu dute hitza, sortu berri duten Xardango elkartea aurkezteko.
Ia bi urteko prozesu baten ondotik, «elkarrekin lan egiteko beharra eta gogoa» sentitu dute. Beren ikuspegitik, lehen sektorea, hau da, elikagaien ekoizpena, «egoera larrian» dago orokorrean, baita eskualdean ere. «Jende gutti gara honetan lan egiten dugunak, lan baldintzak ez dira errazak eta aunitzetan iraunkorrak ez diren ereduak bultzatzen dira. Hala ere, elikagairik gabe ez dago bizitzarik, denek jaten dugu egunero, eta uste dugu gure lana garrantzitsua eta ezinbertzekoa dela», adierazi dute.
Azken urteetan eskualdean bertako ekoizpenaren eta kontsumoaren aldeko pausoak ematen ari direla baloratu dute. Zenbait jangela publikotan sasoiko eta hurbileko produktuen aldeko apustua egin dute, merkatuetan bertako ekoizleak indartzen dira, kontsumitzaileek kalitatezko eta gertuko produktuak bilatzen dituzte... Baina oraindik zer egin franko dagoela ikusten dute, «batez ere lehen sektorea indartu, lurrak elikagaiak ekoiztera bideratu, eta lanbide honek duina izan behar duela aldarrikatzeko bidean».
Hamar helburu
‘Xardango’ bat pisu handia duen edo hausteko arriskua duen zerbait eusten duen makila edo haga da. Baserri eta baratzeetan fruituz gainezka dagoen adar bat, edo haizeak kolpatzeko arriskua duen zuhaitz baten euskarria. Bada, Xardango elkarteak ere paper hori bete nahi du: «Kili-kolo dagoen lehendabiziko sektoreari eutsi nahi dio, etorkizunean indar eta pisu handia hartu dezan».
Hamar puntutan laburbildu dituzte helburuak: nekazaritza eta abeltzaintza eredu iraunkorra sustatzea; bertako arrazak eta barietateak bultzatzea; zonaldeko produktuak promozionatzea; sektorea balioan jartzeko nekazari, abeltzain eta eraldatzaileak elkartu eta indar bat sortzea; merkaturatzea kolektiboki antolatzea; jantoki kolektiboak hornitzea (ikastetxeetako eta zahar egoitzetako jantokiak, bertzeren artean); instalazio berriak sustatzea; azoka berriak antolatzea eta daudenak sendotzea; ekoizleen beharretara egokitutako formakuntzak egitea; eta kontzientzia sortzea.
Parte hartzeko gonbidapena
Orain, elkartea ezagutaraztea eta indartzea dute lehendabiziko asmoa. Horretarako, udazkenean eskualdean hagitz garrantzitsuak diren hiru hitzordutan postua jarriko dute: igande honetan Berako Lurraren Egunean, azaroaren 14an Doneztebeko ferietan eta azaroaren 20an Lesakako ferietan. Herritarrei elkartearen berri ematea izanen da asmoa, eta bereziki, eskualdean lehen sektorean eta elikagaien ekoizpenean lan egiten duen jendea Xardangon parte hartzera gonbidatzea.
Egun horietarako, eta baita Eguberrietarako ere, beren produktuekin osatutako saskiak prestatu dituzte, etxeetan ekoizten dena dastatzeko eta tokiko eta sasoiko kontsumoa bultzatzeko. Oparitarako bertako produktuak aukeratzera animatuko dute jendea.
Momentuz zazpi kide biltzen ditu elkarteak: Ainhoa Goñi lesakarra, ardi latxarekin gazta egiten duen Agorlekuko ekoizlea; Xiker Salaberria beratarra, Beraskako erlezain profesionala, erleak Nafarroan dituena eta ekologikoan lan egiten duena; Joseba Sarratea doneztebarra, abeltzaina eta frutazaina; Arkaitz Bizente, Sunbillako Lizun gaztandegikoa; Maite Urroz, Malerrekako kiwi eta sagar ekoizlea, zukuak ere egiten dituena; Maialen Txantre beratarra, Zugarramurdin baratzea duena eta jangelak eta etxeak sasoiko barazki freskoz hornitzen dituena; eta Haizea Belarra, Beran bizi den doneztebarra, ekologikoan lan egiten duen Erlankiko erlezaina.
«Badakigu eskualdean bertze sektore batzuk lantzen dituzten ekoizleak ere badaudela, eta espero dugu etorkizunean elkartera gehitzea», erran dute. Eredu iraunkorra bultzatuko dute elkartean, osasun erregistroa duten produktuak, lurrarekin lotutako ekoizleak, bertako baliabide eta arrazekin lan egiten dutenak. Zuzeneko salmenta egiten dute kide guztiek, eta hori ere sustatuko dute.
Eskerrak eman dizkiote Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako elikadura dinamizatzaileari, elkartearen sorreran ezinbertzeko bidelaguna eta bultzatzailea izan delako eta hemendik aitzinera ere ondoan egotea nahi dutelako. Elkartearekin harremanetan jartzeko honako kontaktua utzi dute: xardangoelkartea@gmail.com.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

