Aktualitateko erredaktorea

Euskal Selekzioa - Palestina, «bakea, askatasuna eta ofizialtasuna» aldarrikatzeko zita

Euskal Selekzioaren eta Palestina partidaren atarian, adierazpen bateratua egin dute Gure Esku, Gernika-Palestina eta Gu ere bai plataformek partida aurreko elkartasun martxa babesteko. «Bilbo genozidioaren kontrako eta herri libreen aldeko elkartasun oihu erraldoia» izan dadin eskatu dute.

Gure Eskuk, Gu ere baik eta Gernika-Palestinak egindako agerraldia San Mames aurreko zelaigunean.
Gure Eskuk, Gu ere baik eta Gernika-Palestinak egindako agerraldia San Mames aurreko zelaigunean. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika Palestina plataformek agerraldi bateratua egin dute ostiral goizean San Mames aurreko zelaigunean. Bertan, ‘Herri Libreak. Euskal Herria, Palestina’ adierazpena ezagutzera eman dute ekimenaren antolatzaileek.

Nabarmendu dutenez, «egun historikoa» izango da Euskal selekzioarentzat, ordezkatzen duen herriarentzat zein Palestinar herriarentzat: «Milaka sarrera erosi dira jada, eta Bilboko kaleak bete egingo ditugu elkartasunez, aldarrikapenez, kolorez eta ahalik eta modu anitzenean adierazteko Euskal Herria eta Palestina, herrien arteko xamurtasunean, geldiezinak garela».

Izan ere, urriaren 8an iragarri zuten partidaren aurretik antolaturiko elkartasun-martxa 17.30ean Arriagatik abiatuko dena San Mameseraino. Ostiral honetan, beste ekimen baten berri eman dute Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika Palestina plataformek: adierazpen bateratua plazaratu dute eta atxikimendu gehienak jasotzea bultzatuko dute. Herritar orok atxikimendua erakutsi eta adierazpena sinatu ahalko du gaurdanik webgune honetan.

Adierazpen horretan, «Palestinan milaka pertsonen heriotza, herritarren desplazamendua eta lurralde oso baten suntsiketa ekarri duen genozidioa eta bidegabekeria behin betiko amaitu behar dela» nabarmendu dute.

Bestalde, munduan herri libreak nahi dituztela adierazi dute: «Euskal herritarrek eta palestinarrek bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dute».

Era berean, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute. Exijitu dutenez, Euskal Herriak, Palestinak bezala, eskubidea du bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusteko. 

Horregatik guztiagatik, euskal herritar guztiei azaroaren 15ean Bilbora etortzeko, futbolaz gozatzeko eta elkartasun martxan parte hartzeko deia egin dute. 

Sarreren salmenta historikoa

Ildo horretan, Euskadiko Futbol Federazioak iragarri du ostiral honetan ere sarreren salmenta «historikoa izan dela» lehen salmenta egunean. Hain zuzen eren, osteguneko salmentan San Mames futbol zelaiaren edukieraren bi herenak gainditu ziren.

Era berean, palestinar komunitatearen parte-hartze aktiboa bermatzeko asmoz, Gernika-Palestinak iragarri du palestinar komunitate euskal herritarrentzat sarrerak erosi dituztela beraiei bideratzeko.