
«Euskal Herriko unibertsitateok funtsezkoak gara euskararen garapenaren eta transmisioaren haria ez eteteko. Erantzukizun saihestezina dugu konpromiso hori indartzeko. Unibertsitateetako kolektibo guztietan (ikasleak, irakasle-ikertzaileak zein administrazio eta zerbitzuetako langileak) handiagoa da euskaldunen portzentajea gizarte osoan baino, eta baliatu behar dugu». Hala dio EHU, Deusto, Mondragon Unibertsitatea eta Euneizek batera argitaratu duten Euskararen Eguneko adierazpenak.
‘Unibertsitateok euskararen indargune izan gaitezen’ du izenburua, eta euskarari eskainitako egun hau ospatu eta baliatzera animatzen du. «Balioetsi eta eskertu ditzagun gure aurrekoek egindako ahaleginak eta lorpenak eta eutsi diezaiogun katea ez hausteko dugun erantzukizunari. Trinkotu eta saretu dezagun euskararen komunitatea».
«Erabil dezagun euskara, eta bihur dezagun gure unibertsitateetako komunikazioaren ardatz, beste hizkuntzekiko elkarbizitza duina eta eleaniztasun harmonikoa jomugan», gaineratzen dute.
Erronkei erantzun
Baloratzen dutenez, mendeetan, askotariko erronkei erantzuten jakin dugu euskaldunok. «Aurre egin diegu errepresioari eta zentsurari, gutxiespenari eta debekuei; lortu dugu industrializazioaren, migrazioaren zein digitalizazioaren desafioei erantzutea, gizartearen unean uneko testuingurura eta beharretara egokitzea; eta, garrantzitsuena, bizikidetzarako, heziketarako, lan mundurako, dibertsiorako, helburu komertzialetarako, munduko mapan kokatzeko, nahiz zientzia egiteko gaitasuna erakutsi du euskarak. Irabazi du lekua akademian eta zientzian».
Agirian nabarmentzen dutenez, eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunen elkarguneak dira unibertsitateak, euskara erabiltzeko aukera gutxiago dutenen egoerak konpentsatzeko lagundu dezaketenak. «Edozein hizkuntzatan, unibertsitatean garatzen dira komunikazio gaitasunak, bereziki, komunikazio formalerako eta komunikazio espezializaturako gaitasunak. Hortaz, unibertsitateok eragile aktibo izan behar dugu denetariko profesional euskaldunak prestatzeko, hizkuntza gaitasun gorenak eta kontzientzia soziolinguistiko sendoa dutenak, lan esparrura sartzen diren profesionalen hizkuntza euskara ere izan dadin».
«Kanpotik datozen ikasle eta ikertzaileei ere, harrera linguistiko egokia egin behar diegu, hasieratik bertatik gure unibertsitatean eta gure gizartean euskarak duen garrantziaren berri emateko eta euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera erosoak eskaintzeko», eransten dute.
Euskara bera ikertzeko gunea ere bada unibertsitatea, azpimarratzen dutenez: euskararen historia, gramatika, diskurtsoa, erregistroen garapena, bilakaera soziolinguistikoa, literatura. Areago, euskara hizkuntza teknologietatik kanpo ez geratzeko nahitaezko ikerketa egiteko gunea ere badela baloratzen dute.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da




