INFO

Salbuespen politikaren amaiera eskatzeko martxak egin ditu Sarek Donostian eta Gasteizen

Sarek bi martxa egin ditu igande honetan Zaballako eta Martuteneko espetxeetako inguruan, euskal presoek pairatzen duten salbuespen politikaren amaiera eskatzeko eta, horrela, «bizikidetza eta bakearen bidean pausoak emateko».


Sarek bizikleta eta oinezko martxak egin ditu igande honetan Donostian eta Gasteizen euskal presoek pairatzen duten salbuespen politikaren amaiera eskatzeko.

Donostian, Martuteneko espetxetik hasi da bizikleta martxa eta Gipuzkoako hiriburuko epaitegietara abiatu da. Martxa iristean, manifestazio bat atera da hiriko kaleetatik.

Martuteneko espetxearen ondoan, Nahikari Iturbe Sareko bozeramaileak azaldu du igande honetan Donostian eta Gasteizen deitutako mobilizazioekin azpimarratu nahi izan dutela «premiazkoa» dela euskal presoek pairatzen duten salbuespen politika amaitzea eta, horrela, «elkarrekin eraiki behar dugun bizikidetza, bakea eta presoen etxerako bidea lortzeko urratsak ematen hastea».

«Nahiz eta behin eta berriz ontzat jo dugun espetxe-politikari dagokionez ematen ari den aldaketa, oraindik zutik dirau urruntze-politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 80 preso daudelarik. Gradu-progresioari dagokionez, nahiz eta, praktikan, preso guztiak bigarren graduan egon (lehen graduan urteak eman ondoren), 9 bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura. Ez dugu ahaztu nahi larriki gaixo diren 20 preso daudela oraindik ere espetxean, ez eta adinez nagusiak diren presoen egoera, hala nola, motxiladun haurrena ere.

Urruntze politikarekin eta gradu aurrerapenen blokeoarekin amaitzeko eta gaixo dauden presoak espetxetik ateratzeko eskatu ondoren, Sarek urtarrilaren 8an Bilboko kaleetan mobilizatzeko deia egin die herritarrei.

Gasteizen, Sarek ere bizikleta eta oinezko martxak egin ditu Zaballako espetxera. Bertan, errebindikazio-ekitaldia egin dute.

Sakanan ere kotxe-karabana egin du gaur goizean Sarek.

Sareren martxa Zaballako espetxera. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Sareren martxa Zaballako espetxera. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)