Etxeberriak dema iraulita eta Elordik korapiloa askatuta, Oiz taldea nagusi Bizkaia Torneoan
Lau eta Erdian Peio Etxeberriak irabazita (1-2 Agirren aurka) eta Binakakoan Elordi-Zabaleta bikotea Artola-Albisuri 0-2 gailendu ostean, Oiz taldeak irabazi du Bizkaia Torneoa, Solluberen aurka. Hirugarren dema ere, tramitekoa, Oizek eraman du, Bakaikoa eta Expositoren arteko Buruz Burukoa (0-2).
Gogotik sufrituta baina irabazteko kemena ongi helduta, Oiz taldeak eraman du Bizkaia Torneoa. Sollubeko ordezkariak eraman dute aginte makila bai kaiolakoan zein Binakakoan baina Aspekoek hobeto bukatu dituzte bi demak eta horri esker, txapelketa bera irabazi dute Pozez txoratzen agertu da Aitor Elordi ETBko kameren aurrean, Bizkaiko torneoa irabazteagatik, Oiz mendiaren ordezkaritzan bereganatzeagatik eta batez ere, partida txukuna jokatu izanagatik.
Mallabiarraren sentsazio, hanka eta esku onak gako izan dira Binakakoan, partida erabakigarrenean, Peio Etxeberriak Lau eta Erdikoan lortutako abantaila berretsi asmoz. Zenotzekoak atzetik aurrera egin du Asier Agirre on bat garaitzeko. «Gogorra izan da, Asier ongi hasi da. Lehenbiziko jokoan berak jarri du erritmoa. Gero partida aldatu da, aukerak izan ditut eta aprobetxatu egin ditut», adierazi du Aspeko aurrelariak. Aipatu aldaketa hori, baina, ez da kasualitatez etorri, baizik eta Etxeberriak ongi landuta etorri da. 9-1eko desabantailaren aurrean, ez du amorerik eman, 10 tantoko jokoetan banatutako partida batean errazena eskuak jaistea izan zitekeenean. 9-8ra hurbildu da baina Agirrek lortu du jokoa ixtea, txapa gainean ongi moztutako pilotakada batekin.
Iruindarrak partida oso serioa jokatu du, Zenotzekoa mugaraino eramanda. Bigarren jokoa ere bide beretik hasi du, 3-0 aurreratuta, baina orduan, konfiantzak gidatuta, akatsa egin du, Etxeberriaren pilotakada gogorra luzeegi izango zelakoan pasatzen utzita. Baikokoaren gainbehera etorri da eta Etxeberria erabat hauspotu da. 10 tanto jarraian eginda, partida berdindu du eta hirugarren jokoan, kitarakoan, ez dio aukerarik eman Agirreri (0-5).
Elordiren oldarkortasuna
Oizek lehen puntua eskuratuta, Solluberi zegokion erreakzionatzea eta Artola zein Albisuk ondo eraman zuten erantzukizun hori. Irabazi beharra zeukaten hirugarren dema bultzatzeko eta erronka hori begien artean zutela, 5-1 aurreratu dira Elordi-Zabaletaren aurka.
Aginte makila izan du Baikoko bikoteak, hanka onak erakutsi dituen Artola batekin –18 egukantxetatik at egon ostean– eta Bizkaia pilotalekuan eroso sentitzen den Albisurekin. Zabaletak sufritu egin du atzean –akaso igandean Zarautzen jokatutako partidaren ajearengatik–, Elordiren oldarkotasuna deman sartu arte. Bolea bidez dantzan erabili du zenbait tantotan Artola eta Zabaletak ere aprobetxatu ditu hutsuneak, 5-4ra hurbiltzeko. Etxarrengoak pare bat akats eginda gorriei aukerak zabaldu zaizkie, berriro ere Elordiren oldarkotarsuna jokoan sartu den arte, korapiloa askatzeko. Goitik behera txokora botatako pilotakadarekin 7-8 jarri dira aurretik eta beste bi tanto jarraian eginda –Elordik ongi behartu eta Artolak txapara botata–, jokoa irabazi dute.
Bigarren jokoaren hasieran gorriek ireki dute tartea (5-2), Elordi behartuta. 8-4ko abantaila izan dute, Artolak eta Albisuk pilota bana gora bota eta urdinak argia ikusten hasi direnera arte. Elordik ongi moztuta berdindu egin du, Artolak 9-8koa egin baina Albisuk kanpora botata, azken sakea eman dio Elordiri eta honek, zabalean aterata, probetxurik handiena atera dio (9-10).