INFO

Israelek egunean 20 ume hil ditu abuztuan Gazan, batez beste

Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera, Israelgo Armadak batez beste 20 haur hil ditu egunean eremu horretan, guztira 600 baino gehiago. 2023ko urritik 19.000 umetik gora hil dituzte, 28 egunean.

Familia bat hildako ume baten gorpuaren inguruan, abuztuaren 16an, Gaza hirian. (Saeed JARAS | AFP)

Israelgo Armadak gutxienez 602 ume hil ditu abuztuan Gazan, hau da, batez beste 20 egunean, bertako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera. Zifra hauen baitan ez daude igandean hil zituztenak.

Ume horietako batzuk dira Kuwari neba-arrebak; beren gurasoekin batera hil zituzten babesleku zuten kanpin dendan, abuztuaren 26an, Jan Yunisen, Gaza hegoaldean.

Maria ere hil dute, 9 urterekin, baita 7 urteko Moath eta bere 4 urteko Motaz anaia ere; hirurak gurasoekin batera zeuden Al Shati errefuxiatu esparruko kanpin denda batean abuztuaren 20an, Gaza hiriaren mendebaldean.

Abuztu osoan israeldar erasoek 2.500 pertsona hil dituzte Gazako Zerrendan: 1.700 gizon, 602 ume, 187 emakume eta 77 adineko pertsona.

19.242 ume hil dituzte Gazan

23 hilabetez luzatzen ari den azken ofentsiba honetan, Israelek, batez beste, 91 pertsona hil ditu egunean, 28 adin txikiko. Gazako Osasun Ministerioak adierazi duenez, «umeen hilketak joera dira».

2023ko urritik 19.200 haur baino gehiago hil dituzte Gazan. Zifra horiek ez dituzte barne hartzen Israelen blokeoaren ondorioz gosez hil direnak.

Genozidioan adituak, GKEak eta nazioarteko erakundeak bat datoz: Israel genozidioa egiten ari da Gazan eta ezinezko egin du bertan bizitzea, azpiegituren suntsitze sistematikoa, ur edangarriaren eskasia eta elikagai falta tarteko.