INFO

Zinemira Saria jaso dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek Euskal Zinemaren Galan

‘Aupa Etxebeste!’ estreinatu zenetik hogei urte joan direnean Zinemira Saria jaso dute filmaren bi egileek, Asier Altunak eta Telmo Esnalek. Victoria Eugenia Antzokiak hartu duen Euskal Zinemaren Galan egin da sari-ematea.

Asier Altuna eta Telmo Esnal, sariarekin Euskal Zinemaren Galan. (FOKU)

Duela bi hamarkada Zinemaldian ikusi zuen argia ‘Aupa Etxebeste!’ filmak. Data hura gogoan, Zinemira Saria jaso dute astearte honetan filmaren bi zuzendariek, Asier Altunak (Bergara, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, 1966). Victoria Eugenia Antzokiak hartu duen Euskal Zinemaren Galan izan da. Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreak izan dira joaldunen hotsarekin abiatu den ekitaldiaren gidari. Eta Miren Gaztañaga aktoreak Euskal Aktoreen Batasunaren (EAB) Bultzada Saria eskuratu du.

Palestinaren egoera ere presente izan da eta «bihotzez» salatu dute «Palestina pairatzen ari den genozidio basatia».

Altunak eta Esnalek hunkituta jaso dute saria eta eskertu egin diete eman dieten «ero hauei». Esan dutenez, «familian» egin dute beti zinema eta horregatik «asko eskertu nahi diogu familia horri». Beren ibilbidea ez ezik «euskal zinemaren bilakaera» ere saritu dela nabarmendu dute.

Gauzak asko aldatu dira urteotan. Aurten inoiz baino gehiago entzun da euskara Zinemaldiaren Sekzio Ofizialean. Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi Urrezko Maskorraren lehian ari dira ‘Maspalomas’ ekoizpenarekin. Asier Altunak ‘Karmele’ aurkeztu du lehiaz kanpo eta gauza bera egin du Koldo Almandozek ‘Zeru Ahoak’ seriearekin. Sail nagusitik kanpo ere bada euskaraz zer ikusia.

Baina 2005. urtean kontuak bestelakoak ziren. Urte luzez ez zen euskarazko lanik filmatu gurean. Hain zuzen ere, ‘Aupa Etxebeste!’-ren grabaketa mugarri izan zen lantalde teknikoa euskal profesionalez osatzeko, horietako asko gaur egun ere lanean ari direnak eta gure mugetatik kanpo erekonozimendua jaso dutenak. Altunak zein Esnalek aitortua da, ‘Aupa Etxebeste!’ pelikulari esker hasi zirela Euskal Herrian zinema egin ahal izatearen ametsa hurbilago ikusten.

Garai hartan egindakoaren eskerron bezala hartu dute sarituen garaikurra eta euren buruaz gaindi, kolektibo bati egindako omenaldi gisa hartu dute.

Aurretik Imanol Uribe, Alex Angulo, Elias Querejeta, Michel Gaztambide, Juanba Berasategi, Pedro Olea, Karmele Soler, Ramon Barea, Julia Juaniz, Ramon Agirre, Jose Maria ‘Txepe’ Lara, Sara Bilbatua, Kimuak programa, Txema Areizaga, Paco Sagarzazu eta Elena Irureta saritu dituzte Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizleen elkarteak.