Herritar denek euskara ezagutuko duten euskal jendarte hobe bat bultzatuko du Batuz Aldatuk
Euskararen bidegurutze edo moteltze honetan pizkunde bat eragin nahi du Batuz Aldatu dinamikak. Horretarako, 113 eragileren babesarekin, ‘Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua’ aurkeztu du. Etorkizunean euskal jendarte hobe bat lortu nahi dute, non herritar denek euskara ezagutuko duten.
Biribilgunea, bidegurutzea, moteltzea... Hitz ezberdinak erabiltzen dira ezinegon berbera adierazteko: euskarak atzera egiteko arriskua handia da. Hamarkada eta erdi darama euskalgintzak aldarte horrekin, baina azken ikerketa eta proiekzioek harago eraman dute kezka. Egoera horretan, eskaintza bat egin du Batuz Aldatu dinamikak, pizkunde bat eragiteko. 113 sinatzaileren atxikimendua du akordioak, eta elkarrizketa eta oinarria zabaltzea da orain asmoa.
Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, aurkeztu dute ‘Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza’ dokumentua, Batuz Aldatu akordioaren parte diren 113 eragileetako aunitzen parte-hartzearekin. Hizkuntza-politikek behar duten paradigma aldaketaren oinarriak jasotzen dira bertan. Lehena, itun hau gidatzen duen borondate irmoa da: «Etorkizunean euskal gizarte hobe bat lortu nahi dugu, non herritar denek euskara ezagutuko duten eta normaltasun erabatekoz erabiltzeko baldintzak izango dituzten».
Izan ere, horixe da Batuz Aldaturen arabera Euskal Herria ezaugarritzen duen berezko hizkuntzari geroa bermatzeko bidea eta, halaber, euskaraz bizitzeko aukera eta eskubidearen oinarria. Aldi berean, horixe da hizkuntzen auziari berdintasun ikuspegi batetik erantzuteko modua, justizia sozialean, gizarte-kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko bidea, eta, azken buruan, berdintasuna eta askatasuna bermatzekoa. Ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera normalerako baldintzak dira xede hori lortzeko bidea.
Bigarrenik, euskarak bere lurralde guztietan dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusa izan dezan bilatuko dute, hori delako hizkuntz-parekidetasunezko gutxieneko lege-zorua. Hirugarrenik, komunitatea ahalduntzea ezinbesteko ikusten dute.
Idurre Eskisabel Larrañaga Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu bezala, zer bezain garrantzitsua da nola; beraz, zazpi printzipio ezarri dituzte. Honakoak dira: lidergo partekatua eta erantzukizun kolektiboa, «gizarte osoarena baita ardura, maila ezberdinak izan arren»; zeharkakotasuna; progresibotasuna; hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzea; prozesua adostua izatea; hizkuntza-eskubideak bizitzako eremu guztietan bermatzea; eta herritar orok dagokion administrazioarekin euskaraz harremantzeko eta euskaraz artatua izateko eskubidea duela aintzat hartzea, edozein dela ere bere zonaldearen egoera soziolinguistikoa.
Elkarrizketa zabal baten emaitza
Dokumentu hau 2019an abiatutako prozesu baten emaitza da. 2021ean Euskal Herri osoko eta askotariko ehundik gora gizarte eragilek sinatutako ‘Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala’ plazaratu zuen Kontseiluak. Oinarri horrekin, urtebeteko elkarrizketa prozesuan parte hartu du hamaika eragilek osatutako Talde Eragileak, adostasun soziala itun soziopolitiko bilakatzeko proposamena garatzeko, Aitziber Blanco bizikidetzan adituak dinamizatuta. Honakoak izan dira Talde Eragile horren parte: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa.
Blancok lehenbiziko aldiz lagundu du halako prozesu bat, eta errespetu handiz eta gogotsu egin du. Orain arte bake, elkarbizitza eta giza eskubideen eremuan aritu izan da nagusiki, baina hizkuntza-eskubideak ere giza eskubideak dira eta hizkuntzaren auzia maiz agertu da gatazketan. Horregatik, Kontseiluaren gonbidapenari baietza emateak «zentzu osoa» zuen berarentzat.
Bakegintzako elkarrizketa prozesuetan bezala, honetan ere borondatezkoa izan da eragileen partaidetza, eta ezinbetekoa izan da beren konpromisoa. Lau orduko zazpi saio mamitsu egin dituzte. Dinamizatzaileak agertu duenez, elkar zaintza eta konfiantza giroa sustatu dute, eta partaideen aniztasuna erronka eta elkarrizketa osoagoak sortzeko aukera izan da aldi berean. Batzuk gaian adituak eta arituak dira; bertzeek, hizkuntza politika egiten dute eremu ezberdinetan. Epaitu gabe, denari tokia emanez, talde bilakatu dira eta modu antolatu baina askean egin dute solas.
Dokumentua izandako elkarrizketa horiek modu ulergarrian jartzeko saiakera da. Prozesuaren muina biltzen du.
Partaideen testigantzak
Esker ona agertu dute partaide guztiek prozesuan bizi izan dutenagatik. Leire Alberdi Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko kideak plazera, babeslekua eta aberastasuna hitzekin lotu du euskara. Gazte Euskaltzaleen Sareko Aritz Goikoetxeak, aldiz, aitortu du berarentzat erabat berria izan dela elkarrizketa hau eta ardura handiz aritu dela. «Euskaraz bizitzera goazen belaunaldia gara gazteok, eta gure aletxoa jarri dugu».
Nafar Ateneoko Ines Castiellak hausnarketa interesgarria egin dutela baloratu du, euskarak zer leku duen eta beren tokitik zer ekarpen egiten ahal dioten, baita euskarak beraiek zertan lagun ditzakeen ere. Taupa Mugimenduko Jasone Mendizabalek ausardia nabarmendu du, emaitzaz desatxiki eta prozesuari eman diotelako garrantzia.
Hizkuntza-politika berrirako giltzak
Eragileek irakurri dituzte, txandaka, Itun Soziopolitiko Berriaren oinarriak, eremu instituzional eta politikotik hasita. «Lehentasunezko politika publikoak abiatu behar dituzte, bai araugintzaren arloan bai inbertsio eta baliabideetan. Ezagutza unibertsalizatzeko, lehentasunez jokatu behar da hezkuntza formalean (Nafarroan, hamar ikasletik seik ez dute euskararekin kontakturik beren ikasle bizian; eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ukatua dute Baxoa euskaraz egitea), hezkuntza ez-formalean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kulturan eta harrera linguistikoan. Erabileraren eremuan, politika publikoen bidez erabilera bermatzeko guneak sortu, garatu eta elkarlotu behar dira.
Motibazioa eta hiztun-komunitatearen ahalduntzea bultzatu behar dute erakunde eta eragile politikoek, baita euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea ere.
Eremu ekonomikoko eragileei dagokienez, enpresek eta enpresaburu-elkarteek haien eragin-gaitasuna eta itzala baliatu behar dituzte euskara euskal ekonomiarentzat ezinbesteko balioa dela ulertarazteko. Euskara-planak indarrean jarri eta horiek sistematizatzeko programak osatu behar dituzte. Sindikatu eta langile-elkarteek, berriz, hizkuntza-eskubideak langileen eskubideen parte direla hartu behar dute aintzat.
Arlo sozialean, elkarte, talde eta eragileek beren gidaritza baliatu behar dute erakundeak eta eragile politikoak euskararen aldeko politika publikoetan engaiatzera eramateko. Eta euskalgintzak prozesuaren aitzindaritza-rol horri eutsi behar dio.
Kulturan eta akademian, unibertsitateei ikerketa eta ezagutzaren ekoizpena euskaraz egiteko ibilbideak eratzea dagokie. Kultur espazio, ekoiztetxe, musika-promotore, argitaletxe eta bestelako kultur eragileei, euskarazko kultur sorkuntza ardatzean jartzea. Eta kulturgileei, euskarari unibertso bat emateko konpromisoari eustea.
Euskararen biziberritze prozesuak, azkenik, herritarren erantzukizun zibikoa eta euskaltzale aktiboak behar ditu.
Oraindik zabalik dagoen prozesua
Idurre Eskisabelek «oso bihotzez» eskertu die kideei beren konpromisoa. Erran duenez, prozesua konplexua eta sakona izan da eta oraindik zabalik eta bizirik dago. Kontseiluak honetan jarraituko du, eta ekarpenak jasoko ditu. «113 sinatzaile bildu gara, baina oinarri askoz zabalagoa behar dugu eta elkarrizketa eta oinarria zabaltzen joatea da asmoa».
Itunari atxikimendua eman nahi dioten eragileek kontseilua.eus/batuzaldatu helbidean sinatu ahal izanen dute.
Bi elkarrizketa foro aurreikusten dituzte, bat eremu ekonomikoan eta bertzea politikoan. Bestalde, abenduaren 27an Bilbao Arena milaka euskaltzalez beteko duen ekitaldi berezi bat prestatzen ari dira. Aitzinerago emanen dituzte xehetasunak.