INFO

Ertzaintzak ea «protokoloaren barnean jokatu zuen» galdegin du Xuhar Pazosek epailearen aurrean

Ertzaintzak foam pilota batekin begian jo eta 21 hilabetera deklaratu du Xuhar Pazosek, 18 urteak bete berri. Epaiketa publiko bat egiteko eskaria egin dute eta bere abokatu Aiert Larrartek nabarmendu du eztabaidatu beharrekoa dela ea Ertzaintzak istiluen aurkako materiala behar bezala erabili zuen.

Larrarte eta Pazos, Tolosako epaitegira sartzen. (Jagoba Manterola | FOKU)

2024ko Tolosako inauterietan larriki zauritu zuen ertzain batek foam jaurtigailuz Xuhar Pazos gaztea, begian jo eta begi horretatik itsu geratuz. 21 hilabete beranduago, astelehen goiz honetan deklaratu du lehen aldiz Tolosako 1. Instrukzio Epaitegian, kasua artxibatu eta gaztearen abokatuak helegitea jarri eta Gipuzkoako Auzitegiak auzia irekitzera behartu eta gero. 2024ko urrian, auzia artxibatu zutenean gaztea deklaratzeko prest agertu zen, baina epaileak ezezkoa eman zion, «gazte bati epailearen aurrean jartzeak kalte» egin ahal ziolakoan.

Goizeko 10.30ean egin du elkarretaratzea Tolosako epaitegien aurrean Xuhar Herri Plataformak. ‘Egia, aitortza, justizia, #badagaraiagauzakaldatzeko’ pankartaren atzean bildu dira senide eta lagunak; Amaya Zabarte, hau ere Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz zauritua, ere hurbildu da elkarretaratzera bere babesa ematera.

«Hemen eztabaidatu behar dena da ea Poliziak istiluen aurkako materiala erabili zuenean behar bezala erabili ote zuen, legea betez erabili ote zuen, behar zen distantzian bota ote zuen, behar zen altueran bota ote zuen, hori da eztabaidatu behar dena», adierazi du deklaratzetik atera berritan Aiert Larrarte abokatuak. Beste irudi batzuk erantsiko dituztela gehitu du abokatuak, bertan poliziak pilota nola jaurtitzen duen ikusten dela esanez: «Uste dugu ez duela altuera egokian botatzen». Aurreratu du beraien asmoa epaiketa publiko batean eztabaidatu ahal izatea dela, «herritarren eta prentsaren aurrean». 

20 minutu inguru iraun du deklarazioak eta Pazosek berak ikusitakoa kontatu dio epaileari, zein momentutan jaso zuen foam pilotakada eta zein ondorio izan dituen handik aurrera. Pazos eta bere abokatuarekin batera ertzainen abokatuak zeuden salan.

Larrartek kontatu du epailearen jarrera «ona» izan dela, –ez da auzia artxibatu zuen epaile bera izan–, eta ertzainen abokatuen galderak moztu behar izan dituela. «Gogorarazi die Xuhar biktima dela, eta hemen ez dela Xuharren eginbidea eta ekintza epaitzen eta aztertzen ari, ertzainen ekinbidea eta egindakoa dela aztertzen ari dela». 

Irudi berriak eta lekuko berri batzuek deklaratu beharko luketela ere esan diote epaileari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Polizia ereduaren inguruan eztabaida politiko bat eman beharra azpimarratu du Larrartek, baina beraiek eztabaida juridikoan zentratuko direla: «Eta eztabaida hau oso argia da, ea utziko diguten epaiketa batean Ertzaintzarena ez den beste bertsio bat defendatzen».

Ardurak hartzeko eskaera

Herri Plataformaren izenean, Jon Pazosek hitz egin du epaitegiaren aurrean eta semearen osasunaren berri ere eman du: «Gaurko egunean ez du deus ikusten zauritutako begitik, itzal lauso batzuk ditu, parez pareko ikusmena printzipioz ez du inoiz berreskuratuko, eta bere bizitzan mugak ezarri dizkiote. 21 hilabete hauetan bere bizitza ahalik eta normaltasun guztiz egiteko ahalegina egin du, baina asko mugatu diote».

Batez ere «ardura hartzeko» eskatu dio Ertzaintzari: «Ertzain bat epaitu behar bada, epaitu beharko da beste pertsona bat epaitzen den bezala, gaizki egiten duzunean onartu egin behar da pertsona horrek gaizki jokatu duela eta ardurak hartu behar dira». 

Azaldu du nabarmena dela biktima batzuk badaudela eta biktima horiei aitortza eta justizia egin behar zaiela, baina «ikusten dugu momentuz ez dutela inongo intentziorik ardurarik hartzeko», esan du erdi etsita. 

Eta gogoratu du Polizia, «berez», herritarrak zaintzeko dagoela, «eta ez jipoitu, mutilatu edo itsu uzteko». Foam pilotak gerritik behera soilik bota daitezkeela gogoratu du, eta Amaya Zabarteren edota beste hainbat kasutan dauden irudietan ez dutela horrela jokatzen gaineratu.

Berrikuspena

Pazosek deklaratu duen egunean bertan aurkeztu du Juan luis Ibarra magistratu ohia buru duen Batzordeak 2023-2024an egindako jardueren memoria. Bertan jasotzen denez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoak Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak armamentuaren, munizioaren eta istiluen aurkako beste elementu batzuen erabilerari buruzko instrukzioa berrikustea gomendatu zuen 2024ko otsailean Tolosako inauterietan izandako istiluen ostean.

Batzordearen ustez, Oriako ertzain-etxeko aginte eta kontrol zentroak «aldez aurreko aginduak eman behar zituen jaurtigai mota guztiak erabiltzeko jarraibideei buruz», eta zehaztu behar zuen ea SRak (kaltegarritasun txikiagokoak) erabili behar ziren edo SRXak, kaltegarrienak.

Horregatik, Segurtasun Sailari proposatu zion «kaltegarritasun txikienaren printzipioaren definizioan sartzea agintari arduradunek istiluen aurkako materialaren erabilerari buruzko aldez aurreko agindu orokorrak eman behar dituztela». Halaber, agindu bereko beste artikulu bat aldatzea gomendatu zuen, jaurtigai mota desberdinen erabileran «sekuentziari buruzko jarraibideak» sartzeko.