Enbata omendu dute Itsasun, sortu zeneko 50. urteurrenean

Enbataren sorreraren 50. urteurrenaren karira, mugimendu hori omendu dute AB, Aralar, Alternatiba, EA eta Sortuk Itsasun Aberri Egunaren bezperan egin duten ekitaldian. Bost indar politikoek adostasunak lantzeko proposamena luzatu diete gainontzeko alderdi eta sindikatu abertzale eta independentistei.

NAIZ.INFO|ITSASU|2013/03/30 18:29
Itsasu2
Ikurrina ugari ikusi dira Itsasuko ekitaldian. (Bob EDME)

‘Euskal Herria Europan’ lelopean, ekitaldi politikoa egin dute Itsasun AB, Aralar, Alternatiba, EA eta Sortuk, Aberri Egunaren bezperan eta Enbata mugimendua sortu zela 50 urte bete direnean. «Mundu osoari adierazi nahi diogu euskaldunok zutik eta tinko jarraitzen dugula, gure burujabetza berreskuratzeko bidea egiteko prest», aldarrikatu dute.

Ekitaldian nabarmendu dutenez, iazko Aberri Egunetik gertakari asko izan dira baina eszenatoki politikoa «nahi baino gutxiago» aldatu da. Ipar Euskal Herriari dagokionez, eragileen aldetik Lurralde Kolektibitatearen aldeko «apustu garbia» egin dela nabarmendu dute, baita Aieteko Konferentziaren bidea jarraitzen duen Bake Bidea mugimenduak bultzatuta Baionan Bakearen Foroa egin zela.

Hego Euskal Herriari dagokionez, berriz, «argiak eta ilunak» aipatu dituzte, hala nola Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza politiko «normalizatua» dagoela, eta Nafarroan UPNren Gobernuaren ahultasuna, «barne talkak eta ustelkeria zantzuak medio».

Krisiaren aitzakiarekin «atzerakada politiko eta sozial nabarmena» pairatzen ari garela esan dute, baina hala ere Euskal Herrian nazio bezala aritzeko beharraz nazio erakundeak martxan jartzeari ekin zaio, duela gutxi berrantolatu den Udalbiltza kasu.

Gatazka politikoari dagokionez, espainiar eta frantziar estatuak «gizartearen nahia geldiarazteko ahaleginetan» dabiltzala salatu dute, «irabazle eta galtzaileen formula inposatu nahian», eta «salbuespeneko legedi eta ekimenei» eutsiz.

Horren aurrean, «aukera bakarra herri bezala erantzutea» dela uste dute eta, ildo horretan, AB, Aralar, Alternatiba, EA eta Sortuk adostasunak lantzeko proposamena egin diete gainontzeko alderdi eta sindikatu abertzale eta independentistei, ondoko puntuen inguruan: Euskal Herria Europan nazio burujabea izango dela aldarrikatzea; Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko konpromisoa hartzea, «eskubide kolektibo eta norbanakoen egikaritzetik, erabakitze eskubidea praktikara eramanez»; «irabazle eta galtzailerik gabeko benetako bake eta konponbide politikoa» aldarrikatzea; burujabetza politiko eta ekonomikoa lortzeko eskubidea; eta euskara Euskal Herri osoan hizkuntza ofiziala izatea.

Helburu horiek lortzeko bidea luzea dela jakitun izan arren, 50 urte atzera egin dute eta ordutik hona egindakoa gogora ekarri. Orduan ere, mugimendu abertzale garaikidea bultzatu zutenek «amets berberak» dituztela nabarmendu dute, hau da, Euskal Herria Europako nazio bat dela aldarrikatzea. Lekuko hura hartuta, «herri gisa dagokiguna lortzeko» lanean jarraitzeko deia egin dute AB, Aralar, Alternatiba, EA eta Sortuk.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK