Gotzon ARANBURU
ERREZIL

Hernioko erromeria

Hernioko erromeriara joatea historian atzera egitea bezala da. Begien bistan desagertzen ari den Euskal Herria baten erakustoki aparta da Zelatunen iraileko igande guztietan egiten den festa: trikitilariak, dantza soltea eta lotua, erroskilak, txapelak, salda eta txorizoa txabolan… Gero eta urbanoagoak bihurtzen ari gara euskaldunak, baina gizarte tradizionalaren izaera eta usadioak oraindik ere hainbat tokitan irauten dutela ikusi dugu mendi lepo honetan. Zalantzarik gabe, Euskal Herriaren aberastasun sozial eta kulturalaren adierazgarri da Ernioko trikitiaren festa.

Iraileko igandeetan izaten dira erromeriak Zelatunen. (Gotzon ARANBURU)
Iraileko igandeetan izaten dira erromeriak Zelatunen. (Gotzon ARANBURU)

Goizeko hamarretan abiatu gara Erreziletik gora, hormigoizko pistan barrena, eta ordubete barru ailegatu gara Zelatuneko lepora. Goiz da oraindik eta trikitilariak ez dira jotzen hasi, baina bai ekitaldia prestatzen: mikrofonak jarri tranpaldoan, bafleak zutitu, Zero Sette soinua probatu… Garai batean bi eta hiru trikitilari bikote ere aritzen ziren batera erromeria honetan, mikrofonoak eta bozgorailuak erabiltzen hasi aurretik, baina gaur egun bikote bakarrak jotzen du eta haren doinuak eremu osora zabaltzen dira.

Xabier Alberdi ‘Zabale’ soinujolea eta Angel Larrañaga panderojolea arituko dira trikitilari. Gazteagoa den arren, ‘Zabale’k eskarmentu handiagoa du Hernioko erromerian, hogei urte baitaramatza hemen jotzen; Larrañaga duela hamabost bat hasi zen. Dena prest eduki dutenean –eta kazetariak pakean utzi dituenean– tabernarako bidea hartu dute, salda hartzera, fresko egiten baitu Zelatunen. Euria ere ez dugu urruti izango.

Zinta zuri-gorri-berdeak

Poliki poliki, ari da jendea hurreratzen. Batzuk Asteasu aldetik datoz, beste batzuk Bidaniatik, Erreziletik ere bai zenbait. Hernioko gailurreraino segitzen duenik bada, beherakoan erromerian geratzeko asmoz. Bi taberna daude irekita, bakoitza txabola batean, eta ez zaizkie bezeroak falta. Erroskila saltzaileak jarri du postua, plastikoz babestua, baita Kilometroetako arropa saltzen duten tolosarrek ere. Erroskilazaleak ikurrinaren koloreko zintak ere eskaintzen ditu. Francoren garaian, aldarrikapen kutsu handia zeukan mendiko erromeria hauetan zinta horiek janzteak.

Hasi da trikiti soinua. Eguraldiak ez du askorik laguntzen eta giroa hotza dago bildutakoen artean, baina pieza pare baten ondoren dozena erdi lagun irten dira dantzara. Berehala osatu da dozena. Gehiagok ere egingo lukete, baina gu grabatzen ikusteak atzeratu egiten ditu nabarmen. Kamara gorde eta batarekin eta bestearekin hitz egiten hasi gara, erromerien munduaz galdezka. Hitz egiteko eran nabari da Tolosaldeko, Goierriko eta Urola bailarako jendea biltzen dela hemen gehien.

Resurrecion Balerdi bedaioarra izango da Euskal Herriko erromerizalerik handiena. 69 urte ditu, baina sasoi betean dago. Jertsea bizkarretik, txapela buruan eta maoizko prakak, dantzara sartzeko prest dago. Oso gazterik, dozena bat urte edo zituela, hasi omen zen Bedaioko eta inguruko herrietako jaietan dantzan, eta ordudanik ez da gelditu. Bizpahiru orduko saioak egiteko eragozpenik ez dauka, nola soltean hala lotuta. Zumarragako Antioko erromerian ere ikusi izan dugu, Santa Isabel jaietan, gazteagoak lehertu eta bera aurrera, neke itxurarik gabe. «Berezkoa dut nik sasoi hau» dio farrez. Juan Iturria billabonatarra ere gaztea ez da dagoeneko, baina hemen da gaur; gutxitan huts egin omen du Zelatunen joandako 50 urtetan. Hamaiketakoa egiten ari da, dantzak geroagorako utzita.

Larrañagak eta ‘Zabale’k nahiko luketen baino gazte gutxiago ari da dantzan zelaian. Duela dozena bat urte inguru piztualdia izan zuen trikitiak, Maixa eta Itziar, Gozategi… horien eskutik, baina boom hura apaldu egin da, eta soinujole eta panderojolek «klasikoek» jarraitzen dute erromeriak alaitzen. «Bai, jende igualtsua ibiltzen da erromerietan. Ez da erraza gazteak erakartzea» diosku Angelek. Begibistakoa da gizartea asko aldatu dela erromerien urrezko garaietatik, eta duela 50-40 urteko Euskal Herriko aisialdia –eta harremanetan jartzeko erak– eta oraingoa ez direla berdinak. Dantza soltea eta lotua dira adibide garbia: garai batean Elizak debekatuta eta gizarteak gaizki ikusita zegoen neska mutilek «agarrao» dantza egitea, eta erromeriak ziren, mendiko erromeriak hain zuzen, neska-mutilak lotzeko aukera aparta. Zenbat bikote ez ote ziren osatu eta neska-laguntze egin Zelatunen, Urkiolan, Iturriotzen edo Kizkitzan. Gaurko gazteei esan behar, whatsapp-aren garaian…

Fandangoak, arin arinak eta zortzikoak bata bestearekin atzetik aireratzen dira Zelatunen. Bazkaldu ondoren, sabela ondo beteta, dantzarako gogo handiagoa antzematen zaiei hemen bildutakoei. Hankak eta besoak astintzen dituztenak gero eta gehiago dira, baina erromeriazale gehien iraileko azken igandean bilduko da, ohiko moduan. Horien artean ez dira faltako hainbat herritan ematen ari diren dantza-ikastaroetako ikasleak. Bat aipatzekotan, Aiko taldearena nabarmendu daiteke. 2008an hasi ziren ikastaro egonkorrak eskaintzen, eta 2012-2013 urtean 500 ikasle baino gehiago izan dituzte Bilbo, Donostia, Sopela, Gernika, Galdakao, Zarautz eta Durangoko ikastaroetan.

Erromeria indartsuenak Euskal Herrian

Zein diren gaur egungo erromeria indartsuenak Euskal Herrian? Bada Zelatungo honetaz –hauetaz, hobe esanda– gain, Urbiakoa, Oletakoa, Kizkitzakoa, Iturriozkoa, Oikiakoa, Azkoitiko Urrategikoa, Olarizukoa Araban… eta beharbada famatuena, Urkiolakoa Bizkaian. Mutrikun eta  Lekeition, esaterako, berrindartzen ari da erromeria giroa, udaberrian antolatutako Euskal Erromeria Egunak ekitaldian ikusi ahal izan zen moduan. Ordizian ere aurten berreskuratu dute Oianguko erromeria. Aiako Aristerrazukoa ere indartsua da, eta igandero egiten da. Joan den ekainean saio berezia izan zen Aristerrazun, eta trikitilari bikote edo talde mordoa igo zen oholtzara, horien artean Izer eta Alabier, Laja eta Mikel, Tapia eta Leturia, Kupela taldea, Elizagoien ahizpak, Asteasuko Astiazaran anai-arrebak… Alegia, gaur egunean erromeria munduan punta puntan dabiltzan soinujole eta panderojoleak.

Trikitilariak ez dira falta, ez, eta inoizko onenak seguru asko teknika aldetik. Dantzariak behar dira ugariago, dantzariak, gure auzo eta mendietan fandangok eta arin arinak dantzatuko dituztenak, erromeriek bizirik jarrai dezaten urte askoz.