Sakonean
Koldo Mitxelena

Gaur egun munduko gauzarik normalena dirudi: Koldo Mitxelenara sartu, gustuko liburua bilatu apalean, lasai eseri eta irakurri. Edo disko bat hartu fonotekan eta entzun kaskoak jarrita, edo pelikula bat ikusi. Baina KMK ireki zenean, justu duela 20 urte, hori guztia ezinezkoa zen liburutegietan; liburuak eskatu egin behar ziren mostradorean, katalogo digitalen arrastorik ez zegoen eta paperezko fitxak erabiltzen ziren, eta musika eta pelikulak eskuratzea ametsa zen. Orduko erronkari erantzuten jakin zuen KMK-k, eta egungoei ere aurre egiteko prestatzen ari da Donostiako kulturune hau.

Gotzon ARANBURU|DONOSTIA|2013/12/02 11:40
Koldo_mitxelena
Koldo Mitxelena Kulturunea. (Gotzon ARANBURU)

Egunero 1.500 pertsona inguruk erabiltzen dute KMK. Gaur egun 15.000 bazkide inguru ditu, gehienak gipuzkoarrak.

Guztira 350.000 dokumentu baino gehiago jasotzen ditu; horietako 18.000 inguru sarean daude. Julio Urkixo funtseko euskarazko libururik zaharrenak eta baliotsuenak KMKn daude: Axularren ‘Gero’ren ale eder bat, Harrieten ‘Gramatica euscaraz eta francesez’, baita Lazarragaren eskuizkribua ere.

Koldo Mitxelena eraikinaren fatxada beti izan da erakusleiho aparta barnean zer arkituko dugun adierazteko. Erakusketak, ekitaldiak… formatu handiko iragarkietan azaldu izan dira. Egunotan, ordea, kulturunea bera «saltzen» duten iragarkiak datoz horman goitik behera. Eta, egia esan, ezin hobeto laburtzen dute KMK zer den eta zer eskaintzen duen Gipuzkoako Aldundiaren zerbitzu honek. Zintzilikarioetako batek dio: «Liburutegia, erakusketak, ekitaldi kulturalak, eta askoz gehiago». Eta ondokoak: «Sarrera dohainik».

Egunero 1.500 pertsona inguruk erabiltzen dute KMK. Badira liburuak irakurtzera doazenak, eguneko prentsa begiratzera, eskolako lanak egitera, lurrazpiko aretoko erakusketaz gozatzera, hitzaldi bat entzutera ekitaldi aretoan… Atarian wifi dagoela aprobetxatuz interneten nabigatzen ari denik ere ez da falta izaten. Lagunekin geratzeko tokia ere bada: «Zortzietan Koldo aurrean, bale?» dio neska batek mugikorrez.

Frantxi Lopez de Landatxe da Koldo Mitxelenaren zuzendaria, eta liburutegi hau «aro analogikoan diseinatutakoa» dela dio, baina hori bezain egia dela azkar ikusi zutela bertako kudeatzaileek garai berrietara moldatu beharra zegoela, jauzi digitala egin beharra: KMK izan zen, 1995ean, interneterako lotura jarri zuen Estatu espainiarreko lehenengo liburutegi publikoa. Ordutik hona, eguneratze teknologikoa etengabekoa izan da. Esaterako, entziklopedia erraldoi haien atala ia husturik geratu da, eta Wikipedia da orain erreferentzia. Baina interneteko bilaketak denbora eskatzen du, eta gaur egungo liburutegien zereginetako bat bilaketa hori erraztea da, Frantxiren esanetan: «Bitartekari lana egin beharko genuke, erabiltzeaileari lana erraztu».

Sortu zenetik 84.000 bazkide izan ditu KMK-k, eta gaur egun 15.000 inguru dauzka. Gehiengoa gipuzkoarrek osatzen dute, baina nafarrak eta Ipar Euskal Herrikoak ere badira, horietako asko «udako bazkideak» dei ditzakegunak. Egungo krisiak kulturune honentzat «ondorio onak» izan dituela esan daiteke, liburuen eta diskoen mailegua zerbait igo egin baita azken garaiotan.

Erakusketa areto

Koldo Mitxelena ez da ordea liburutegi soila, aipatu fatxadako zintzilikarioak dioen moduan. Erakusketa areto ere bada. Duela urte batzuk kanpoko artistek presentzia handia izan dute, gaur egun baino handiagoa, baina bertako askok ere izan dute tokia aretoan, hala nola Jose Antonio Sistiagak, Amable Ariasek, Elena Asinsek, Andres Nagelek… Egiatan, bat ez, bi erakusketa areto dauzka KMK-k: nagusia (lurrazpian, arte garaikideari eskainia) eta Ganbara izenekoa, txikiagoa (eraikinaren goiko solairuan).

Frantxik, hala ere, ekitaldi aretoaren zeregina azpimarratu nahi du. «Librea da, edozein elkartek erabili ahal du. Egia da kultura eta gizarte arloko ekitaldiak direna gehienak, baina bestelakoak ere ugariak dira, eta askatasun horrek aniztasuna aberastu du. Orain errazagoa da, baina urte zailetan ere mota guztietako elkarteek izan dute tokia hemen; ez da arraroa izan egun batean biktimen fundazio batek erabiltzea eta biharamunean presoen aldeko ekitaldi bat hartzea. Gizartearen topagunetzat joko nuke gure areto hau».

350.000 dokumentu jasota

Hogeita hamar langiletik gora dauzka KMK-k, horietako mordo bat jendeari zuzeneko zerbitzua emateko, baina beste batzuk eraikinaren sabelean aritzen dira lanean. Katalogazioa da zeregin nagusietako bat. Era guztietako dokumentuak iristen dira Koldo Mitxelenara, eta denak katalogatzen dira, baita ahal den neurrian digitalizatzen ere, interneten eskuragarri jartzeko. Guztira 350.000 dokumentu baino gehiago daude jasota etxe honetan, eta horietako 18.000 inguru dira sarean jarritakoak.

Harribitxiak bat baino gehiago daude horma hauen artean. Erabiltzaileek atera ezin ditzaketen funtsak gela berezi batean kontsultatzen dituzte ikertzaileek, bertako arduradunari dokumentuak banan bana eskatuta fitxa bidez. Beheko solairuan jendearen joan etorria etengabea bada, hemen hiruzpalau pertsona baino ez dira ari, isiltasun ia erabatekoan. Julio Urkixo funtseko euskarazko libururik zaharrenak eta baliotsuenak hemen daude: Axularren ‘Gero’ren ale eder bat, Harrieten ‘Gramatica euscaraz eta francesez’, baita Lazarragaren eskuizkribua ere, duela hamar urte aurkitutakoa eta Gipuzkoako Aldundiak erosia.

Erronkak

Erronkak aipatu ditugu lehen, eta erronka horien artean liburu elektronikoa dago. Bide ibiltzen hasiberria da hau, eta ez dira oztopoak falta, eskubideen kontua zehaztea esaterako. Beste erronka bat KMK liburutegia sare publikoan txertatzea da, edo Europeana egitasmoan parte hartzea. Europeana Europako Liburutegi Digitala da, eta dagoeneko Euskal Herriari buruzko argazki eta dokumentu dezente dago bertan, Espainiako Kultura Ministerioak txertatuta, baina Koldo Mitxelenak hornitzaile zuzena izan nahi du eta helburu horrekin ari da lanean, Euskomedia Fundazioaren laguntzaz.

Komikientzako atal berezia

Goian aipatu ditugun eguneroko 1.500 bisitari horien artean gazte gutxi daude, edo nahi baino gutxiago bederen. Koldo Mitxelenako arduradunek eskuartean daukaten egitasmo batek lagundu behar luke egoera hori iraultzen. Hain zuzen ere, komikientzako atal berezi bat ireki nahi dute datorren urterako. Luis Gascaren funts izugarria erosi zuen KMK-k duela urte batzuk, eta bestelako bideetatik ere iritsi zaizkio pieza baliotsuak, hala nola Aita Zavalaren bertsolaritzari buruzko funtsean ustekabean aurkitutako ‘Txistu’ komikiaren bilduma. Inork gutxik zekien euskarazko aurreneko komiki hau bazenik ere. ‘Zeruko Argia’ aldizkariak argitaratu zuen 1936ko gerra aurretik eta hamasei alez osatuta dago. ‘Napartheid’ fanzinea ere jasota dago, baita Pasaiako Udalak utzitako Felipe Maiaren komiki bilduma ere. Aipatutakoak eta hemendik aurrera KMK-k erosiko dituen komikiak izango dira espazio berri hori beteko dutenak.

LOTURAK