Internet bidezko eskariak bertan behera utzi ditu Gure Esku Dagok, eskaera uholdeagatik

Azken orduetan datorren igandeko giza katean parte hartzeko milaka metroren erosketa eskaerak jasotzen ari da Gure Esku Dago internet bidez. Eskaera uholde handia dela-eta, metroa sarean eskuratzeko aukera bertan behera utzi du. Bertaratu nahi duen orori galdegin diete herrietan jarritako salgune eta informazio puntueta eros dezatela metroa edo igandean bertan kilometroz kilometro ezarriko diren guneetara jo dezatela.

Naiz.info|Donostia|2014/06/04 12:35|2 iruzkin
Gizakatea
Gure Esku Dago dinamikak Durango eta Iruñea banatzen dituen 123 kilometroak eskuz-esku batuko ditu igandean. (NAIZ.INFO)

Gain hartuta dagoela ohartarazi du Gure Esku Dagok datorren igandeko giza katerako parte hartzaileen eskaerekin. Internet eta e-posta bidez milaka eta milaka eskakizun jasotzen ari dira azken orduetan. «Izugarria izaten ari da eskaria eta egoerak gain hartu digu», adierazi dute.

Ondorioz, internet bidez datorren iganderako metroa eskuratzeko aplikazioa bertan behera uztea erabaki dute.

Egoera bideratze aldera, ordea, oraindik izenik eman ez dutenei herrietan ezarri diren informazio guneetara jotzeko eskatu diete eta, horrez gain, igandean bertan ibilbidean zehar kilometroz kilometro metroa eskuratzeko aukera ere izango dela jakinarazi dute.

Bestalde, giza katera bertaratzeko dagoeneko 900 autobus bete direla adierazi dute eta, hortaz, gainontzeko herritarrei ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko deia luzatu diete.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK