NAIZ
BILBO

Hilabetekari izatetik hiruhilabetekari izatera pasako da ‘Elhuyar’ aldizkaria

Salmenten eta diru-laguntzen jaitsierak derrigortuta, ‘Elhuyar’ zientzia eta teknologia aldizkariak maiztasuna murrizteko erabakia hartu du. Hala, martxoko zenbakitik aurrera, hilero beharrean, hiru hilean behin kaleratuko dute paperezko edizioa.

Hiru hilabeterik behin argitaratuko da aurrerantzean ‘Elhuyar’ aldizkaria. (ELHUYAR)
Hiru hilabeterik behin argitaratuko da aurrerantzean ‘Elhuyar’ aldizkaria. (ELHUYAR)

Webgunean argitaratutako ohar baten bitartez, maiztasuna murriztuko duela iragarri du ‘Elhuyar’ aldizkariak.

«Testuinguru ekonomiko zail honetan, non urriago gabiltzan baliabidez (salmenten eta diru-laguntzen jaitsiera), are premiazkoagoa zaigu ‘Elhuyar’ aldizkarian murrizketak egitea, Elhuyarren jarduerako beste arlo batzuetan bezala».

Era honetan, martxoko alearen ondotik, hiru hilez behin plazaratuko dute paperezko edizioa, hau da, ekainean, irailean eta abenduan kaleratuko dituzte hurrengo zenbakiak.

«Paperean ezin dena webgunearen eta sare sozialen bidez lantzeko asmoa» agertu du aldizkariaren zuzendari Eider Cartonek.

1986an sortu zen ‘Elhuyar’ aldizkaria zientzia eta teknologia euskaraz jendarteratzeko helburuarekin. Lehen hiru urteetan bi hilabeterik behin argitaratzen zuten, eta orduz geroztik hilabetero izan da kioskoetan. Garai berriei ere egokituta, proiektu digitala ere martxan dute, kultura zientifikoa webgunearen bidez hedatzeko.