FM lizentziak esleituta, erronkaren neurriko proiektu bati ekin nahi dio Info7 irratiak

Argitu da, kostata bada ere, EAEko FM lizentzien banaketa eta Info7 irratiak sustatutako EIZ proiektuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan normaltasunez emititzeko aukera izango du laister. Hamar urteko ibilbidearen ostean, erronkaren neurriko proiektua diseinatu asmo du orain Aztibegia elkarteak. Dialaren eskaintzaren aniztasunean urrats erabatekoa ez baina garrantzitsua izango da.

@iontelleria|URRUÑA|2016/07/12 09:50
Img_20160711_095240
Eider Olazar eta Iñaki Altuna, gaur goizean Info7 irratiaren Urruñako estudioetan.

EIDER OLAZAR
«Pentsatzea dagokigu EIZren baitan gauden eragile eta hedabideon artean proiektu horri nolako forma emango diogun, zer zabalkunde izango duen, egitura, finantziazioa...»

IÑAKI ALTUNA
«Ekinaren ekinez gauzak lortzen direla erakusten du eta ikasgai garrantzitsua da Euskal Herria lan eremutzat hartzen dugunontzat jorratzeko bidea badagoela erakusten duelako».

Patxi Lopezen azken Gobernu Kontseiluan eten zuen Lakuak FM lizentzien banaketa, irrati kaltetuen helegitearen ostean aurrera egin behar zuen esleipenak baina Iñigo Urkulluren gobernuak auzibidean katramilatu zuen. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ostean 2012ko lizentzia banaketa hori burura eraman beharko du Lakuak. Ondorioz, Info7 irratiak beste hainbatekin elkarlanean sustatu duen Euskal Irrati Zerbitzuak (EIZ) proiektuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskaraz normaltasunez emititzeko aukera izango du.

Info7 irratian bertan eman dute erronkaren tamainaren berri irratiaren sustatzaile den Aztibegia elkarteko egungo eta aurreko lehendakariek, Eider Olazarrek eta Iñaki Altunak. «Jauzi handia ekarriko du» lizentzien esleipenak Olazarren esanetan, «zabalpen handia ekarriko duelako eta itzal dezentekoa izango duen proiektua» garatu ahalko dutelako orain. Zer nolako proiektu izango da? Olazarrek aurreratu duenez «pentsatzea dagokigu EIZren baitan gauden eragile eta hedabideon artean proiektu horri nolako forma emango diogun, zer zabalkunde izango duen, egitura, finantziazioa...»

Aztibegiak honainoko jardunean bidelagun izan duen herri sare zabala izango da aurrerantzean ere bere oinarri nagusia elkarte honen lehendakari ohi Iñaki Altunaren ustez, «herri proiektu gisa proposatu zen gurea, ehunka bazkide batu ziren eta balioan jarri behar da herri ekimen zabal horri esker gaudela gaudenean eta horren beharra izango dugula aurrerantzean ere».

Dialaren aniztasunaren bidean

FMren dialaz garaian egindako irakurketa baten ondorioz abiatu zela orain hamarkada bat Info7 irratiak jorratu duen bidea, «dialari beste itxura bat emateko ahalegina izan zen», Altunaren esanetan. Egin irratiaren itxiera oraindik gogoan, irrati nazional baten proiektu bat garatzeko zailtasun handiak zeudela dakar gogora, «lizentzien banaketan aniztasun gutxi, gehienak Espainia eta Frantziako estatuei lotutako enpresa handien esku, bertako komunikazio enpresek irrati mailan jarduteko zailtasunak...». Horregatik, Aztibegiak hasieratik FMra normaltasunez iristea zuen helburu. «Hausnarketa hark lan bat ekarri du eta lan hark ondorio batzuk», Altunaren esanetan, «ekinaren ekinez gauzak lortzen direla erakusten du eta ikasgai garrantzitsua da Euskal Herria lan eremutzat hartzen dugunontzat jorratzeko bidea badagoela erakusten duelako».

Olazarrek ere urrats gisa dakusa, bide luzeago baten urrats garrantzitsu gisa, «aniztasuna ekarriko dio dialari baina oraindik lan handia dago egiteko», bere esanetan, aniztasun hori bermatuko duten beste hainbat irrati falta direlako oraindik FMz normaltsunez emititzen.

Hasierako helburuak bete gabe, baina aurrerapauso handi batekin ospatu du Info7 irratiak bere 10. urteurrena. «Pixkanaka-pixkanaka» eta «modu progresiboan» emandako urratsak izan direla orain artekoak du gogoan Olazarrek, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitu beharko dutela, «garrantzitsuak izan dira orain arteko urratsak, orain are esanguratsuagoak izango dira eta lizentziek asko lagunduko dute bide horretan».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK