Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbi taldeen arteko lehiaketa berria abuztuaren 17an hasiko da

Euro Basque Rugby Challenge izena hartuko du eta zazpi taldek hartuko dute parte: Aviron, Biarritz, Angelu, Ordizia, Hernani, Getxo eta Bera Bera.

Asier AIESTARAN|2019/07/29 11:45
Loading player...

Aspalditik martxan jarri nahi zen egitasmo bat zen arren –lehen asmoa iazko maiatzean plazaratu zen eta lehiaketa hasiera batean aurtengo udaberrian ospatu nahi zen–, azkenean Euro Basque Rugby Challenge euskal errugbi liga berria, Ipar eta Hego Euskal Herriko taldeak batuko dituena, abuztuaren 17tik irailaren 7ra jokatuko da.

Lehiaketa hiru maila desberdinetan burutu nahi da: Serie 1 (lehen maila), Serie 2 (bigarren maila) eta emakumezkoetan. Orain jokatuko dena Serie 1 mailako lehiaketa izango da eta, antolatzaileek gaur Donostian egindako aurkezpenean azaldu dutenez, beste bi mailetako lehiaketen xehetasunak aurrerago emango dituzte.

Lehiaketa berrian zazpi taldek hartuko dute parte: Aviron, Biarritz, Angelu, Ordizia, Hernani, Getxo eta Bera Bera. Normala den moduan, eta Iparraldeko eta Hegoaldeako taldeen artean dagoen maila desberdina kontuan izanda, Aviron eta Biarritzek beren bigarren taldeekin jokatuko dute.

Lehiaketa formatua eta egutegia ere zehaztuta daude jada. A multzoan Aviron, Hernani eta Getxo daude, eta B multzoan Biarritz, Angelu, Ordizia eta Bera Bera. A multzoko ligaxka abuztuaren 17an, 24an eta 31an jokatuko da; B multzokoa 24an eta 31an soilik. Eta multzo bakoitzeko irabazleek Ordizian jokatuko dute finala irailaren 7an.

Lehiaketa Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak eta Lakuako gobernuak bultzatu dute, eta aurkezpen ekitaldiari garrantzia handia eman nahi izan diote. Donostiako Miramar Jauregian egin dute eta ordezkari ugari bildu dira bertan: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Arola Urdangarin, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria; Iñaki Laskurain, Euskal Errugbi Federazioko presidentea; Alain Fariscot, Errugbi 64 Departamentu Batzordeko federazio presidentea; eta Javier Lorente, Nafarroako Errugbi Federazioko presidentea.

«Gaur aurkezten duguna lehen proiektu bat da. Badakigu etorkizunean izango dela zer hobetua, baina horretarako informazioa eta ezagutza lehen lehiaketa honek emango digu. Badakigu errugbiak maila eta zaletasun handia duela Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldeko taldeek argi zuten ezin genuela horri bizkar emanda bizi. Era berean, Iparraldeko taldeek ere proiektua interesgarria izan daitekeela ulertu dute. Errugbia oso garrantzitsua izan daiteke lurralde desberdinen arteko elkarlana eta ezagutza bultzatzeko», adierazi du Bingen Zupiriak.